Anisakis hainbat arrainetan aurkitzen den parasitoa da eta gizakiak sabeleratzen duenean, digestioko arazoak sor ditzake edo, are, alergia sorrarazi. Baina ez gara beldurtu behar, ezta arraina gure dietatik kanpo utzi ere. Ezta pentsatu ere! Egin behar duguna anisakis agertzea saihesteko prebentziorako hainbat urrats jarraitzea da edo, hartzera iritsiko bagina, sintomak hautematen jakitea, konponbidea jartzeko.

Anisakisaren presentzia gehien jasaten duten espezieak legatza eta hegaluzea dira, baina, batez ere, gordinik, ketuta edo marinatuta kontsumitzen direnak, hala nola, antxoa, sardina, berdela, sardinzarra, izokina edo bakailaoa.  Krustazeo batzuek ere izaten dute anisakisa, otarrainak edo karramarroak, esaterako, baita olagarroak, txibiak edo txipiroiak ere.

Hala ere, anisakiaz kutsatzeko, beharrezkoa da arraina gordinik edo tenperatura baxuan prestatuta jatea. Horregatik, gomendioetako bat arraina 60 ºC-tara prestatzea da, bereziki, arraina freskoa bada eta aurrez izoztu ez bada. Izan ere, anisakis parasitoaren ondorioak saihesteko beste modu bat aldez aurretik arraina -18 ºC-tara izoztea da, gutxienez 48 orduz; era horretan, ez dago ia batere arriskurik.

Bestalde, garrantzitsua da kontuan hartzea mikrouhin labean egosteak ez digula segurtasunik bermatzen, ez baita beti tenperatura homogeneorik edo gomendatutakoa baino altuagorik (60ºC) lortzen. Eta adi plantxan prestatzen badugu, ez baikara beti ondo erretzera iristen.

Halaber, gomendagarria da arraina ondo garbitzea eta erraiak lehenbailehen kentzea, etxera iritsi orduko edo erosteko unean bertan; BM supermerkatuetan eskaintzen dizugu zerbitzu hori.

 

Nola jakin dezaket anisakisaz kutsatuta nagoela?

Anisakis parasitoaz kutsatuta egotearen sintomak digestiokoak edo alergikoak izan daitezke; azkar azaltzen dira beti, arraina jan eta lehendabiziko 12 orduen barruan.

Digestio-arazoei dagokienez, sabelaldean kokatutako min bizia agertzen da, baita goragaleak eta okak ere. Sukar pixka bat ere azaltzen da.

Sintomek egun gutxi batzuez irautea izaten da ohikoena (gehienez ere, astebete), baina, kasu batzuetan, luzeago ere jo dezake arazoak.

Sintoma alergikoak ez dira horren ohikoak izaten, kasuen % 10ean azaltzen dira. Azaleko negela, arnasteko zailtasuna, asma, urtikaria arinak edo rinokonjuntibitisa.

 

Ze tratamendu behar du anisakisak?

Orokorrean, nahikoa izaten da sintomentzako tratamenduarekin; izan ere, denborarekin, berez desagertzen da infekzioa. Antiazidoak hesteetako arazoentzako eta antihistaminikoak edo kortikoideak arazo alergikoentzako.