Azkeneko hamarraldietan nabarmen murriztu den arren ogiaren kontsumoa –1990eko hamarraldian urteko eta pertsonako 50 kilo kontsumitzetik, 2018an 31 kilo kontsumitzera–, oinarrizko osagaia izaten jarraitzen du gure mahaietan. Horregatik, aukeran ditugun ogi mota ezberdinen artean, kalitatezkoa eta osasungarria dena bilatzen dugu.

Zeregin horretan laguntzeko, Ogiaren Kalitate Arau berria dugu. 2019ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean lege berri hori, eta aurrekoa, 1984koa, modernizatzera dator; modu argi eta zehatzagoan definitzen ditu ogia eta ogiaren barietateak, kalitatea eta etiketen argitasuna bermatzeko helburuz.

Zer da ogia?

Erantzuna jakinekoa iruditu arren, komeni da gogoan izatea. Horrela definitzen du ogia lege-testuak: gari-irina edo beste zerealen baten irina (bakarrik edo konbinatuta) eta ura (gatzaz edo gatzik gabe) nahastuta lortzen den orea egosita eskuratzen den produktua, ogi-legamiaren edo ore amaren* laguntzaz altxatua.

Era berean, ezartzen du egosi ondorengo 24 orduetan kontsumitu behar dela; behin denbora hori pasa ondoren, salbuespen modura bakarrik sal daiteke, eta argi adierazi behar da, gainera. Horrez gain, zereal-zahia edo irin integrala eraman dezakeela adierazten du arauak, eta ondorengo sailkapena ezartzen du:

Ogi landua, mami gogorrekoa, espainiarra edo gari zuriduna: fintzaileak erabilita prestatzen da. Mami zuria du, eta albeolo fin eta uniformeak (adibidez: telera, irtirina edo Fabiola).

Flama-ogia edo mami bigunekoa: ogi landuaren kasuan baino ur-proportzio handiagoarekin prestatzen da, eta fintze-prozesurik gabe. Mamiak albeolo irregularrak ditu (adibidez: baguettea, txapata edo baserrikoa).

Ogi integrala: irin integralez edo ale osokoz

Zereal-ogia: zereal-irinez egindakoa (garia ez den beste zereal batzuez) eta, kasu batzuetan, gari-irinez.

Ogi integrala: % 100 irin integrala

Ogi integralaren betekizuna da berritasun nagusietako bat: ogia integraltzat jotzeko, beharrezkoa izango da erabilitako irinaren % 100 integrala izatea. Gainera, erabilitako irinaren zerealaren –edo zerealen edo hazien– izena adierazi behar da.

Irin-nahasketa bat erabiltzen bada eta ez badira integralak bakarrik, erabilitako irin integral proportzioa adierazi behar da: “% X irin integralez egina” (portzentajea izango da “X”). Integral terminoaren ordez, “ale osokoa” terminoa erabil daiteke.

Zereal anitzeko ogia

Era berean, zereal-irinez egindako ogiak ere portzentajeak adierazi behar ditu: “% 100 xxxzko ogia” edo “xx-ogia”, erabilitako zerealaren edo zerealen izena jarrita (tartean, gari-irina egon daiteke).

Irin-proportzioak izan behar dira % 50etik gorakoa gariaren, espeltaren eta zekalearen kasuan, eta % 20koa edo handiagoa oloaren, garagarraren, artoaren, arrozaren, basartoaren, kinoaren, gari sarrazenoaren eta beste batzuen kasuan.

Zereal anitzeko ogitzat jotzen da hiru irin ezberdinekin edo gehiagorekin egindakoa (horietako bi gutxienez zereal-irinak izan behar dira, eta gutxienez irin guztiaren % 30eko proportzioan).

Artisau erako ogia

Artisau erako produktuak ere boladan daude elikagaien sektorean, nahiz eta indarra galdu duen hitza izan errazegi erabili izan delako, “naturala” eta “etxekoa” hitzak bezala. Kasu honetan, ondoren aipatzen diren baldintzak bete behar ditu:

Eskuz egindakoa: giza faktorea gailendu behar da.

Orearen hartzidura blokean (zilindroz findutako oreetan izan ezik)

Ekoizpen mugatua: serie handirik gabe, eta banan-banako amaierako formatuarekin.

Adituek egindakoa: esperientzia egiaztagarria duen okin edo artisau aditu baten zuzendaritzaren pean.

Halaber, “egur-ogia” edo “egur-labean egindako ogia” izenak erabili ahal izango dira bakarrik erabat erregaitzat su-egurra erabiltzen duen labe batean egositakoetarako.

Gatz gutxiago

Nabarmentzeko beste puntu bat da ogi arrunta egiteko erabil daitekeen gehienezko gatz kopurua ezartzen duela (hipertentsioaren etsai nagusietako bat): 1,31 gramo gatz 100 gramo ogi bakoitzeko; derrigorrezkoa izango da 2022ko apirilaren 1az geroztik.

Lan dezente duen arren, anima zaitezke etxean zuk zeuk ogia egitera; horrela, ez duzu ogiaren jatorriari eta osagaiei buruzko batere zalantzarik izango. Irina, ura, legamia edo ore ama eta gatza besterik ez duzu behar. Nolanahi ere, BM Supermerkatuetako okindegietan kalitaterik oneneko ogi aukera zabala duzu, eta ogion ezaugarriei buruzko informazioa emango dizute.