Buddha bowl izen iradokitzaile eta izpiritualarekin aurkezten da enegarren foodie joera. Begiratu batean, poke plater bat irudi dezake eta, egiatan, oso antzerakoa da, janari osasungarriz betetako bol bat baita. Hala ere, arrainaren eta arrozaren ordez (izan ditzakeen arren), Buddha Bowl plateraren oinarrizko osagaiak dira barazki freskoak, zereal integralak, lekaleak, fruitu lehorrak eta haziak.

Ez dago oso argi zein den izenaren jatorria. Batzuek diote bolaren itxuragatik hartzen duela izen hori, Budaren sabelaren antzerakoa baita. Beste batzuek monje budisten dietarekin lotzen dute; jendeak emandako jakietan (horregatik du horrenbeste osagai ezberdin) oinarritutakoa zen haien dieta. Are, filosofiarekin eta lotzen dute beste batzuek: ongizatea lortzea, janari oso eta osasungarri baten bitartez.

Edozein dela ere plater honen eta bere izenaren jatorria, kontua da oso plater elikagarria eta asegarria dela. Gainera, duten moldakortasunagatik nabarmentzen dira, eta ia edozein osagai onartzen dute. Esan liteke plater konbinatu moduko bat dela, baina askoz orekatuagoa eta osasungarriagoa.

Nola prestatu Buddha bowl perfektua

Egia esan, errezeta gehienekin gertatzen den bezala, ez dago formula zehatzik. Bakoitzak bere osagai gustukoenak izango ditu, eta horiek lehenetsiko ditu. Egokiena da talde hauetako bakoitzeko jaki baten edo biren kopuru txiki bat aukeratzea:

Karbohidratoak: Tuberkuluak (patata, batata…) edo zereal integralak (arroza, kinoa, kuskusa, artoa, oloa, artatxikia…).

Barazkiak-landareak: digestioa hobetzeko, barazki gordinak kozinatutako beste batzuekin nahastea komeni da (ziazerbak, kalea, kalonjea, alberjinia, tomatea, azenarioa, erremolatxa, errefaua, porrua, tipula, brokolia, piperrak, apioa, luzokerra, zainzuriak, kuiatxoa, alkatxofa…).

Proteinak: landare-proteinak (lekaleak, fruitu lehorrak, haziak: ekilorea, kuia, sesamoa…) eta/edo animalia jatorrikoak (arrautza, oilaskoa, atuna, gazta…).

Gantz osasungarriak: oliba-olio birjina estra, ahuakatea, fruitu lehorrak, haziak…

Buddha bowla prestatzeko estilo kanonikoa da osagaiak bol batean nahastu gabe jartzea, barazkiak hondoan, eta gainerako osagai guztiak modu ordenatuan platerean. Amaitzeko, gustuko ongarriz edo ozpin-olioz onduko dugu; hummusa, jogurta edo tahinia; eta espezia batzuk (ezkaia, albaka, oreganoa, perrexila, etab.).

Gosaritarako ere aukera ona dira buddha bowlak. Konbina itzazu bizpahiru frutaz egindako oinarri bat (kiwiak, mandarinak, marrubiak, granada, anana, mugurdiak, sagarra, madaria, papaia, mangoa, etab.) eta jogurt gaingabetu bat edo kefirra.