Nahasmendu metaboliko kronikoa da diabetesa; ezaugarri nagusia da hipergluzemia (glukosa-kontzentrazio handia odolean), intsulina faltagatik edo nahikoa ez izateagatik sortzen dena (intsulina pankreasak sortzen duen hormona da, glukosa-mailak erregulatzen eta glukosa metabolizatzen eta energia bihurtzen laguntzen duena).

Osasun publikoko arazo garrantzitsua da patologia hori. Urtero 400.000 pertsona berri diagnostikatzen da Espainian, eta guztira, 18 urtetik gorako biztanleen % 13,8ri eragiten dio. Diabetiko horietatik guztietatik hiru milioi inguru daude diagnostikatuta, baina 2,3 milioik (% 43k) ez daki diabetikoa denik, eta zenbat eta lehenago egin diagnostikoa, orduan eta eraginkorragoa da tratamendua.

Diabetes motak

1 motako diabetesa: Haurtzaroan edo gaztaroan agertzen da. Diabetes mota horretan, pankreasak ez du intsulinarik sortzen, eta tratamendua gorputzari intsulina modu artifizialean ematean datza. Funtsezkoa da bizimodu aktiboa (kirola erregularki egitea) eta dieta kontrolatua Ez da erraza izaten haurrak, bere bizitzako etapa horretan, gaixorik dagoela uler dezan, baina behin ulertzen duenean eta egoera normalizatzen denean, oso arduratsuak izaten dira, eta ondo kontrolatzen dituzte intsulina-mailak eta jarraibideak.

2 motako Diabetesa: Diabetes mota hau da ohikoena eta helduaroan agertzen da, batez ere gizonezkoen artean. Oinarri edo aurretiko joera genetikoa izan ohi du, baina bizitza-estiloek ere modulatzen dute eta eragiten diote; sedentarismoak, dieta desegokiak eta pisu gehiegi edo obesitatea izateak piztu dezakete.

Konplikazioak eta sintomak

Obesitate zentralarekin lotu izan da diabetesa, hau da, abdomenaren zonako koipearekin. Horrek ez du esan nahi diabetiko guztiek dutenik gehiegizko pisua, ezta gehiegizko pisua duten pertsona guztiek diabetesa izango dutenik ere, baina badago bien arteko harreman estua.

Ohikoa izaten da diabetesa beste patologia batzuekin lotuta agertzea ere, hala nola hipertentsioarekin, kolesterolarekin, tabakismoarekin… eta patologia horiekin lotuta egoteak esponentzialki handitzen du arazo eta hilkortasun kardiobaskularreko arriskua.

Oro har, ez dira oso nabarmenak edo agerikoak izaten diabetesaren sintomak, oso arruntak izaten baitira: egarri eta gose handia izatea eta sarri pixa egitea izaten dira ohikoenak. Eskuarki, kasualitatez egiten da diagnostikoa, odolaren analisi batean glukosa-maila altua aurkitu ondoren; kasu gutxi batzuetan, konplikazio larriren bat sor daiteke, koma diabetiko motaren batekin.

Behin diagnostikoa jakinda, glukosa behar bezala kontrolatzeaz arduratu behar gara, ez dadin konplikaziorik sortu. Epe luzera agertu ohi dira, eta eremu baskularrean izaten dute eragina: betsarean, giltzurrunetan, gorputz-adarretako arteria txikietan (muskulu bikietako mina ibiltzerakoan), sentikortasunaren nahasmenduak (oin diabetikoa), etab.

Diabetesa behar bezala kontrolatzen ez bada, epe luzera, odoleko glukosa-maila altu etengabeak nahasmenduak sor ditzake hainbat organoren funtzionamenduan, batez ere begietan, giltzurrunetan, nerbioetan, bihotzean eta odol-hodietan.