Haurdunaldia zainketa jakin batzuk behar dituen emakumearen bizitzako etapa bat da. Lasaitasunez eta normaltasunez, gehiegizko alarmismorik gabe, bizi behar den fase bat den arren, kontuan izan behar da dietan eta ariketa fisikoa egiterakoan zainketa jakin batzuk behar dituela.

Haurdun gelditu baino lehen, bikoteak haurtxo bat izatea erabakitzen duenean, bien historia klinikoa, bizitza-estiloak, amaren pisua eta haren elikadura-ohiturak baloratu behar dira eta, haurdun gelditu aurreko hilabeteetan, hobeto daitekeen guztia zuzendu behar da.

Haurdunaldiak irauten duen bederatzi hilabeteetan, amaren zein haurtxoaren beharrak ase behar ditu dietak. Bariatua, osoa, orekatua eta osasungarria izan behar da dieta, amak ez dezan gehiegizko pisurik hartu. 9 eta 12 kilo bitartean hartu ohi da haurdunaldian eta, beraz, aldizkako kontrolak egitea komeni da, erditzeko momentuan sor litezkeen konplikazioak minimizatzeko.

Beraz, mantenugai jakin batzuk gehiago kontsumitu behar dira, baina horrek ez du esan nahi janari kopuru handiagoa jan behar denik –birentzako tamainan jan behar den esaera okerra da–, baizik eta nutrizio-kalitate handiagoko jakiak aukeratu behar ditugula.

Zein dira haurdunaldian gehiago jan behar diren jakiak?

Energia: egunean 200 kilokaloria inguru, batez ere haurdunaldiaren bigarren etapan. Betiere pisua zorrotz kontrolatuta eta planifikatutako dieta batekin.

Proteinak: ehunak eratzen laguntzen dute. Haurdun ez dagoen emakume batek berak duen kilo bakoitzeko 0,8 gramo inguru behar du egunean (50 gramo inguru, 60 kilo pisatzen badu). Haurdunaldian handitu egiten da behar hori: egunean 65-80 gramo artean behar izaten da, emakumearen pisuaren arabera. Jakiak: haragia*, arraina*, arrautzak, zerealak (arroza, garia, oloa, etab.) eta lekaleak (dilistak, txitxirioak, babak, etab.).

Kaltzioa: haurtxoaren muskuluen eta eskeletoaren sistemaren garapenean laguntzen du. Kaltzio-iturri nagusiak esne pasteurizatua, jogurtak eta gazta ondua* izan behar dira.

Burdina : garrantzitsua da haurtxoaren hemopoiesi-sistema behar bezala era dadin. Haragiak, hegaztiak, arrautzak, arraina, itsaskiak, fruitu lehorrak eta lekaleak jatea gomendatzen da. Haragien burdina ondo absorbatzen du gorputzak, baina landare-jatorriko burdina (lekaleak) absorbatzeko, beharrezkoa da C bitaminarekin batera kontsumitzea. Adibidez: azken-burukoan laranjak, mandarinak edo kiwia jatea, edo lekaleak piperrarekin edo limoi-zuku pixka batekin kozinatzea.

Azido folikoa: haurtxoaren neurozelea garatzeko eta malformazioak saihesteko. Batez ere hosto berdedun barazkietan aurkitzen da baina, oro har, haurdunaldia planifikatzen duten amek, prebentzio modura, azido foliko gehigarria hartzen dute haurdunaldia baino lehen.

Ura: gutxienez bi litro

Frutak eta barazkiak, zereal integralak eta lekaleak: ondo garbituta eta fruta zurituta, jaki horiek guztiak zuntz kopuru handia izaten baitute eta haurdunek idorreria sufritzeko joera izaten baitute, batez ere haurdunaldiaren amaieran, espazioaren okupazioagatik eta umekiaren beraren presioagatik. Ariketa fisikoa egiteak eta ur asko edateak ere laguntzen dute idorreria saihesten. Garrantzitsua da libragarririk eta bestelako botikarik ez hartzea, medikuarekin kontsultatu gabe.

Ariketa fisikoari dagokionez, oso gomendagarria da paseo luzeak egitea. Haurdunaldia baino lehen modu erregularrean kirola egiten zuten emakumeen kasuan, oro har jarrai dezakete egiten, baldin eta ez badago konplikaziorik, eta betiere ginekologoaren baimenarekin.

BM Supermerkatuetan txikitatik elikadura osasungarriaren alde egitearekin konprometituta gaude. Bizimodu osasungarriari buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu zaitez Zainduz Bizi blogera, eta kontsulta ezazu Haurrak Etxean atala.