Ez, ez itzazu bota porruaren hosto berdeak. Aholku batzuk emango dizkizugu, gure gastronomiako barazkirik tradizionaletako bat guztiz aprobetxa dezazun.

Jende askok uste du porrua buru txikiko tipula mota bat dela. Eta beste batzuek uste dute gehiegi hazi den baratxuri antzerako zerbait dela.  Bada, porrua ez da baratxuri mota bat, ezta tipula barietate bat ere. Bestelako espezie bat da –Allium ampeloprasum–, nahiz eta Allium familiakoa den, tipula eta baratxuria bezala.

Orain dela mende askotik dira ezagunak eta preziatuak bere ezaugarriak, eta duen zaporeari eta testurari esker, Neron enperadorearen jakirik gustukoena izan zen. Ikerketa batzuek frogatu dute hantura-kontrako eta urdaila babesteko efektuak izan ditzakeela; hortik, bere erabilera tradizionaletako batzuk.

Hala ere, askotan zati zuri eta samurra bakarrik erabiltzen dugu, eta bota egiten ditugu hosto berdeak. Beharbada iritsi da ohitura hori aldatzeko eta porrua osorik aprobetxatzen hasteko garaia. Nola? Hainbat aukera emango dizkizugu.

 

Hartzituta

Hartzidura sukaldaritzako kontserbazio-teknika zaharrenetako bat da. Gainera, oso osasungarria da, eta berriro dago boladan. Eta leundu egiten du zaporea. Honako hau besterik ez duzu egin behar: xehatu porrua, estali gatzunez (20 gr. gatz ur litro bakoitzeko), itxi gomazko itxidura duen beirazko pote garbi batean, utzi leku epel eta ilun batean, eta itxaron bizpahiru astez.

 

Txipak

Sartu labean hamar minutuz tenperatura baxuan, porruaren hostoen hezetasuna ateratzeko, eta aperitibo orijinal, txundigarri eta kurruskaria lortzeko.

 

Lurrunetan

Ikerketa batzuek frogatu dute bere efektu antioxidatzaileak indartzeko modu oso ona dela porruaren hosto berdeei lurrun-kolpe bat ematea. Gehitu oliba-olio zurrusta bat eta gatz larria garnizio perfektua osatzeko.

 

Barazki-saldak

Hosto berdeak moztu eta berehala erabili behar ez dituzun aldiro, garbi itzazu eta izoztu. Beste barazki askorekin ere gauza bera egin dezakezu. Komeni zaizunean, ‘hondakin’ baliotsu horiek su motelean egos ditzakezu, eta barazki-salda goxo eta osasungarria lortuko duzu.

 

Kremak

Beste barazki batzuekin batera ere presta ditzakezu porruaren hosto berdeak; horrela, zapore handia eta mantenugai asko gehitu diezu zure krema eta pureei.  Ondo irabiatu beharko duzu eta, ahal izanez gero, iragaz ezazu krema, horren gogaikarriak izan ohi diren zuntzak saihesteko.

 

Kurruskariak

Moztu porruaren hosto berdeak luzetarako zerrenda oso finetan, juliana erara. Jarraian, saltea itzazu olio bero-berotan, testura kurruskaria lortu arte. Gurina ere erabil dezakezu, ukitu gozo eta melenga emateko. Haragiak, arrainak, entsaladak eta beste hainbat plater apaintzeko, zapore gehiago eta ukitu dibertigarria emateko balioko dizu.

 

Gordinik

Hosto berde horiek zerrenda fin-finetan eta ondoren zati txikietan moztuta erabil ditzakezu. Bota entsaladei edo apaingarri aromatiko gisa zopei, wokei, plantxan prestatutako haragiei edo labean egindako arrainei.