Sasoian sasoiko produktu freskoak dira aukerarik onena, zure elikadura osasungarria izan dadin. Barazki eta ortuari freskoak mantenugai-iturri garrantzitsua dira, baina egun batzuk hozkailuan igaro ondoren, galdu egiten dituzte dohainok. Horrela, bada, jaki izoztuak ordezko aukera interesgarria dira produktuok luzaroago mantentzeko. Baina, dohain guztiak kontserbatzen dituzte? Freskoak bezain osasungarriak dira?

Kozinatzen dituzunean gertatzen ez den bezala (kozinatzerakoan bitamina batzuk galtzen dituzte, hidrodisolbagarriak –B eta C– eta tenperaturarekiko sentikorrak –azido folikoa– direlako), izozte-prozesua ondo egiten bada, jaki gehienek ez dituzte zertan beren dohainak asko aldatu. Hain zuzen ere, hainbat azterlanen arabera –hala nola Chester eta Georgiako Unibertsitateek egindakoak–, izoztutako fruta eta barazki batzuek gainditu ere egiten dituzte freskoak nutrizioari dagokionez hainbat alderditan, batez ere hozkailuan hainbat egunez gordetako jakiekin alderatuta.

Kasu horietako batean, brokolia, azalorea, artoa, lekak, ilarrak, ziazerbak, ahabiak eta marrubiak aztertu zituzten. Emaitzei dagokienez, izoztutako jakiek freskoek eta hozkailuan gordetakoek baino balio hobeak eman zituzten hainbat osagaitan, hala nola C bitaminan, A bitaminan eta azido folikoan.

Hala ere, hainbat faktore izan behar da kontuan. Alde batetik, lehengaiaren kalitatea: ez da gauza bera izoztutako lehengai naturalak izatea eta izoztutako produktu prozesatuak izatea (aurrez prestatutakoak eta azukrea, gatza, kontserbatzaileak eta abar gehitutakoak); eta bestetik, jatorrian izoztea: biltzen den unetik ahalik eta azkarren izoztea komeni da.

Ultraizoztea da gakoa

Funtsezko prozesua da izoztutako produktu bat osasungarria den jakiteko. Zero azpitik 30 eta 50 gradu arteko tenperaturak erabiltzen dira produktuak ultraizozteko; beraz, ia unean bertan egiten da. Esan liteke produktua bilduaz bat, “pausan” jartzen dela.

Abiadura funtsezkoa da: zenbat eta azkarragoa izan, orduan eta txikiagoak izango dira jakiaren zelulen barruan sortzen diren izotz-kristalak eta gutxiago aldatuko da elikagaiaren zuntzen eta mantenugaien egitura. Gainera, mikroorganismoak desegiten ditu ultraizozte-prozesuak, horiek garatzea galarazten du, eta nabarmen luzatzen du jakiaren bizitza erabilgarria.

Baina prozesu horrek ere badu bere desabantaila. Izoztutako produktuak, produktu freskoak erosi eta unean bertan prestatu ezin dituztenentzako baliabide bikaina diren arren, oro har, izoztuta, aldatu egiten dira horien ezaugarri organoleptikoak. Hau da, izoztu ondoren, zaporea eta testura ez dira berdinak, nahiz eta oso kontu subjektiboa ere baden.

BM Supermerkatuetan izoztutako barazki, arrain eta itsaski aukera zabala duzu; horrela, denbora irabaziko duzu, kalitatea eta osasuna galdu beharrik gabe.