Oilaskoa Espainian gehien kontsumitzen den jakietako bat da. Koipe gehiago duten haragien ordezko jaki goxoa da, eta familia osoaren gustukoa izan ohi da. Gainera, oso onuragarria izan daiteke organismorako, dituen nutrizio-dohainengatik eta proteina kopuru handiagatik.

Oilaskoa osorik, zatituta, laurdenka, bularkiak, aurrez prestatuta… eska dezakegu erosterakoan. Izan ere, oilaskoaren atalik gehienak aprobetxa daitezke, askotan baztertzen direnetako batzuk ere bai, hala nola hankak eta karkasa.

Ba al zenekien jai-giroari eta, batez ere, igandetako bazkariari lotuta zegoela oilaskoaren kontsumoa 1950a baino lehen? Hain zuzen ere, ardiarena, behiarena eta txerriarena baino garestiagoa zen oilaskoaren haragia. Gaur egun, horrenbeste hedatu da eta horren arrazoizko prezioa dauka, ezen arraroa baita etxe bateko ohiko errezeten artean ez aurkitzea. Hona hemen oilaskoaren onuretako batzuk:

Oilaskoaren dohainak

Koipe eta kilokaloria kopuru txikia. Zati koipetsuak, gainera, agerikoak dira, eta erraz ken daitezke.

Gantz-azido ase kopuru txikia du, eta hori oso ona da alderdi kardiobaskularrari dagokionez.

Balio biologiko handiko proteina ugari du.

Mineral ugari du, hala nola fosforoa, potasioa eta erraz asimilatzen den burdina, eta horrek globulu gorriak eratzen laguntzen du.

B taldeko bitamina esentzialak ditu (B1, B2, B3 eta B6); bitamina horiek onak dira garunerako eta neke-sentsazioa saihesteko.

Horri guztiari esker, oso jaki osasungarria da umeentzako, haien immunitate-sistema indartzen baitu eta beren hezurrak eta hortzak eratzen laguntzen baitie. Baina, gainera, oso egokia da adineko pertsonentzako, proteina defizita saihesteko, eta dieta osasungarri eta orekatua izan nahi duten kirolarientzako ere.

Zer atal aukeratu

Oilasko-bularkiak eta izterrak dira gehien kontsumitu ohi ditugun ataletako batzuk, ziur aski koipe gutxieneko eta proteina kopuru handiko atalak direlako. Koipe kopurua benetan da txikia atal giharrenetan (2,8 g 100 g jaki bakoitzeko).

Oilasko-hegoak dira atalik goxoenetakoak, baina koipe kopurua handiagoa da (% 16).

Baina ohikoenak diren hiru atal horiez gain, eska ditzakegu oilasko-urdaiazpikotxoak, gisatua edo barazkiekin plantxan prestatzeko izterrondoa, barbakoan egiteko atzealdeko laurdenak eta beste ere.

Eskuarki alde batera utzi ohi ditugun atalak ere aprobetxa ditzakegu sukaldean:

Ipurtxuntxurra edo erreginaren puska  da askorentzako oilaskoaren atalik goxoena.

Egia da azalak 100 gramo bakoitzeko 48 gramo koipe izan dezakeela. Hala ere, kurruskariak presta daitezke azalarekin, eta kanape modura zerbitzatu.

Karkasa. Salda ederrak egiteko perfektua da. Salda jaki atsegina da benetan eta, gainera, hanturaren eta minaren aurkako dohainak ditu.

Oilaskoaren koipearekin patatak konfita daitezke, edo txerri-koipearen ordez erabil daiteke.

Eta alerik onena: hankak. Jende askok ez daki oilaskoaren atal horiek oso osasungarriak direla, organismoari eskaintzen dizkion mantenugai eta bitaminei esker. Dituen dohainen artean, honako hauek daude: artikulazio eta hezurretako arazoei aurre egiten die, azala gaztetzen du kolagenoa duelako, urdailerako oso onak dira, gripearen eta katarroaren aurka borrokatzen laguntzen dute…

Eta, hala ere, haragia soberan geratu bazaizu? Bada, presta itzazu kroketak!

BM Supermerkatuetan baserriko oilasko osoak, bularkiak, izterrak, hegoakeros ditzakezu. Aukeran dituzu!