Europan aspalditik landatu den arren, kale edo aza kizkurra duela gutxi samar bihurtu da ezagun mundu mailan. Izan ere, brassica edo kruziferoen familiako hosto berdeko barazki honek (brokoli, azalore, bruselaza…) celebrity ezberdinen laudorioei zor die bere ospea, dieta osasuntsu batean ezinbesteko osagaien podiumera igo baitute Instagramen bitartez. Estatu Batuetan nazioarteko egun ez ofiziala badu ere: urriaren 3a!

Dena den, kale azak ez du influencer-en publizitaterik behar barazkizaleen artean ezagutzera emateko. Gurean aspaldi ezagutzen dugu oso antzeko kruzifero mota: aza delakoa. Berez, badira kale ‘betiko aza‘ dela aldarrikatzen dutenak. Eta elkarrengandik bereiztea erraza ez den arren, egia esan kale aza eta betiko aza ez dira zehazki berdina.

Azak ere propietate nutrizional ugariak dituen arren, kale azaren onurek superelikagai mailara jaso dute barazkia.

Guztietatik nabarmentzekoa da bere kaloria ekarpen baxua (35 kcal 100g-ko), argaltzeko dietetan oso barazki kutuna bihurtu duena. Bestalde, oso aberatsa da mineraletan: kaltzioa, burdina, magnesioa, potasioa, zinka; baita A, C, E eta K taldeko bitaminetan ere, azken honetan bereziki, eguneko gomendatutako kantitatea baino 7 aldiz gehiago baitakar.

Adibide bezala, barazki honen errazio batek esneak baino kaltzio gehiago dauka (150 bat mg/100 g); haragiak baino burdin gehiago (2 mg inguru) eta laranjak edo espinakak baino C bitamina gehiago (120 mg). Hori bai, kontuan izan behar da osagai hauen xurgapena animalia jatorrikoetan baino askozaz txikiagoa dela.

Bere proteina ekarpena ere garrantzitsua da (3 g), begetarianoentzako aukera ona izanik; zuntza ( 5 g), hesteetako trantsitua hobetzen eta gizentasuna edo diabetesa jasateko arriskua murrizten laguntzen duena; omega 3 eta omega 6 gantz azidoak, eta azido folikoa -arrautzek baino 4 aldiz gehiago-.

Ez esan kale, esan ona

Kale edo aza kizkurrak zuregatik egin dezakeen guztiaren artean nabarmenena:

Efektu antioxidatzailea: Karotenoideek eta glukosinatoek zelulen oxidazioa ekiditen dute.

Ikusmenerako onura: luteinak eta zeaxantinak degenerazio makularra saihesten dute.

Hezurrak babesten ditu: bere oxalato eduki baxuak kaltzioaren xurgapena errazten du.

Gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzen ditu: HDL kolesterola handitzen du (ona) eta LDL murriztu (txarra).

Odol-zirkulazioa eta oxigenazioa hobetzen du (flabonoideak).

Odolaren koagulazioari mesede egiten dio (K bitamina).

Sistema immunea indartzen du (C bitamina, flabonoideak eta zinka).

Garunaren funtzionamendua hobetzen du (B12 eta B6 bitaminak).

Eta zer egin dezaket nik berarekin?

Pila bat gauza! Aza kizkurra edo kale aza modu askotan presta daiteke. Gordinik jan daiteke: zukuan likidotua, entsaladetan, sandwich edo ogitartekoetan; eta bestela ere presta daiteke: galdarraztatua, gisatua, salteatua, labean

Beste barazkiak bezala, ondo garbitu besterik ez duzu eta gustokoen duzun modua aukeratu. Ohikoena bere hostoak jatea da (nutrienteak pilatzen dira bertan), baina bere zurtoinak ere kontsumi daitezke (barazki salda batean, adibidez).

Prestatzeko modurik originalena agian labean egitea da: animatuko zara kale chip erraz batzuekin? Sartaginean ere prestatu dezakezu, kale eta onddo salteatu zaporetsu batean. Errezeta hauek Silvia (Jugando a las cocinitas) blogariarenak dira, BM Supermerkatuetako kale aza eta bimia jada probatu dituena.

BM Supermerkatuetako produktu freskoen sailean kalerik onena aurkituko duzu barazki interesgarri eta osasungarri honekin zeure burua eta zure mahaikideak harritu ahal izateko.