Alarma guztiak pizten dira analisietan bi balio horiek gehienezko maila gainditzen dutenean. Kolesterola eta triglizeridoak kezka eragiten duten gantz-molekulak dira; hala ere, oso beharrezkoak dira gorputzak behar bezala funtziona dezan, baldin eta balio normaletan mantentzen badira.

Elikagai-jatorrikoak dira, eta elikagaiak jaterakoan eratzen dira. Hestearen bitartez xurgatzen dira, eta gibelean metabolizatzen dira, zirkulazio-uharrera itzultzeko. Funtsezkoak dira barne-funtzio batzuetarako; hala nola hormona batzuk jariatzeko eta neurona-zorroen estalkia eratzeko.

Maila normalak gainditzen badituzte, bi arrazoirengatik gerta daiteke hori:

Exogenoa: elikagai gehiago

Endogenoa: gehiegizko metabolizatze hepatikoagatik.

Kasu bietan da garrantzitsua dieta, baina elikaduraren araberakoa bakarrik baldin bada parametro normaletara itzultzea, nahiko erraza izaten da helburua lortzea, koipe eta karbohidrato kontsumoa oro har murriztuta. Halaber, arrazoia endogenoa denean, arazoa ez da dietarekin bakarrik konpontzen, beharrezkoa izaten da botika bidezko tratamendua.

Zer gertatzen da kolesterol eta triglizerido maila handia baldin badut?

Pertsona batek kolesterol maila handia bakarrik izan dezake (hiperkolesterolemia), triglizerido maila handia bakarrik (hipertriglizeridemia) edo bi parametroak batera (hiperlipemia mistoa).

Kasu guztietan dago arteriosklerosia sufritzeko arriskua, hau da, arteriak gogortzeko eta estutzeko arriskua, koipe hori arterietako hormetan geratzen delako eta, ondorioz, odol-fluxuaren galera gertatzen delako.

Estutze horrek ez du sintomarik azaleratzen (ez du minik ematen), eta zantzuren batzuk azaleratzen direnean, dagoeneko lotutako konplikazioak izaten dira, eta arteria-lurraldearen maila guztietan ager daitezke:

Maila koronarioan: bularreko angina edo bihotzekoak.

Erretina mailan: arazoak ikusmenean.

Giltzurrun mailan: Giltzurrun-gutxiegitasuna edo- hutsegitea

Beheko gorputz-adarrak: aldizkako klaudikazioa (hanketako giharrek ez dute nahikoa odol jasotzen, eta horrek min bizia sortzen du muskulu bikietan. Hori sufritzen dutenek, erakusleihoetan begira geratuta disimulatzen dute, eta hortik datorkio “erakusleihoaren sindromea” izena).

Kolesterol ‘ona’ eta ‘txarra’

Denok entzun izan dugu guztizko kolesterol bat dagoela, HDL kolesterolaz (ona) eta LDL kolesterolaz (txarra) osatzen dena; HDL arterietatik joan eta berriro metabolizatzera itzultzen da gibelera; LDL kolesterola, aldiz, gibeletik irteten da eta arterietan geratzen da eta estutu egiten ditu.

Garrantzitsua da hiru balioak ezagutzea. Horregatik, kolesterolaren guztizko zifrez gain, HDL eta LDL frakzioak eskatuko ditu medikuak analisietan, pronostiko baliagarria emateko, eta parametro horren ondoriozko arazoak sufritzeko joera handiagoa edo txikiagoa dagoen jakiteko.

Garrantzitsua da mediku-historia ona izatea, arrisku kardiobaskularreko beste faktorerik dugun ikusteko: Hipertentsio arteriala, diabetesa, obesitatea, erretzailea edota edalea den… Datu horiekin guztiekin, arrisku kardiobaskularra kalkula daiteke.

Kontuan izan behar dugu faktore horietako asko aldagarriak direla eta, beraz, dieta aldatuta, tabakoa eta alkohola kenduta, pisua zainduta eta ariketa fisikoa eginda, prebentzio kardiobaskular ona lor daitekeela.