Arazo hori duten pertsonen artean, laktosarekiko intolerantzia maila ezberdinak daude. Laktasa izeneko entzima bati esker digeritu dezakegu gizakiok laktosa, esnearen % 5 osatzen duen karbohidratoa. Modu naturalean sortzen dugu entzima hori haurtxoak garenean, amaren esneaz elikatu ahal izateko, baina hazten garenean, baliteke gure gorputzak laktasa sortzeari uztea.

Eboluzioaren ikuspuntutik, badirudi Europako iparralderen dauden herrietako biztanleek lehenago garatu zutela laktosarekiko tolerantzia, eta hori abantaila bat izan zatekeen klima hotzeneko eta argi gutxieneko eremuetako gure arbasoentzat. Hegoalderago, ordea, baliteke esnea horren beharrezkoa ez izatea bizirauteko, eta ez dago horren hedatuta gizaki helduei laktosa digeritzea ahalbidetzen dien mutazioa; oraindik ere digestio-arazoak sor diezaieke esneak biztanle batzuei: Espainian, esaterako, biztanleen % 30ek baino gehiagok izan ditzake zailtasunak esnearen azukre hori, laktosa, digeritzeko.

Bestalde, esnekien eta eratorritako produktuen kontsumoa oso barneratuta dago gure kulturan eta merkataritzan; ondorioz, asko dira intolerantzia hori duten pertsonentzako egokiak diren aukerak. Ikus ditzagun aukera batzuk:

  1. Laktosarik gabeko (edo laktasadun) esnekiak.
    Behi-esnez egindako produktuak dira, biztanle gehienek kontsumitzen dituztenak bezalakoak, baina laktasa gehitzen zaie. Hau da, laktosa izan badute, baina karbohidrato hori apurtzen duen entzima gehitzen zaio, laktosak ez dezan arazorik eragin liseriketa-apartuan. Produktu asko daude aukeran: esnea, igurzteko gaztak, gazta-xerrak, jogurtak, esnegaina, flanak, irabiakiak edo, are, arroz-esnea.
  2. Landare-edariak.
    Esne likidoaren ordezko izan daitezkeen edariak dira. Sojaz, zerealez –arroza edo oloa– edo fruitu lehorrez –arbendolak– egiten dira. Ez dituzte esneak dituen nutrizio-ezaugarri berak –kaltzioa, esaterako–; beraz, interesgarria da mineral hori duten beste elikagai batzuen kontsumoa areagotzea (arrainak, lekaleak, hosto berdedun barazkiak, brokolia…). Eguzkia baldintza egokietan hartzeak eta indar-kirola egiteak ere lagun diezaguke gure kaltzio-maila ziurtatzen.
  3. Animalien esneak eta esne hartzitua (laktosa gutxiagorekin)
    Animalia batzuen esneek, ahuntz-esneak eta ardi-esneak esaterako, behi-esneak baino laktosa gutxiago dute, eta pertsona batzuek hobeto onartzen dituzte. Laktosarekiko intolerantzia duten pertsona batzuek, bestalde, hobeto digeritzen dituzte esne horien esnekiak –batez ere nolabaiteko hartzidura dutenak–; hala nola jogurtak, gaztak, kefirra, mamia, etab.