Oso gustuko dituzu hanburgesak, baina ez duzu kaloria eta koipe gehiegi jaterik nahi? Dieta beganoa izan nahi duzu, baina ez diezu hanburgesei uko egin nahi? Plater orijinal eta osasungarri bat bilatu nahi duzu? Arrazoia edozein dela ere, hanburgesez alhadurarik gabe gozatzeko truku erraz bat proposatzen dizugu: haragiaren ordez lekaleak erabiltzea.

Lekale-hanburgesak baliabide begano bikaina dira txahal-, oilasko- edo txerri-haragiz egin ohi diren hanburgesa tradizionalak ‘klonatzeko’.  Sojazko, seitanezko edo tofuzko hanburgesa beganoak aurki ditzakegun arren, lekaleek zapore handiagoa ematen diete hanburgesei, eta plater begano hori haragizaleenei ere gustatuko zaien aukera interesgarri bihurtzen dute.

Zein da hanburgesak egiteko lekalerik onena?

Ia edozein lekale motarekin presta daitezke hanburgesak (baita barazkiekin ere); hala ere, ohikoena izaten da hanburgesak ondo prestatu ahal izateko behar adinako egonkortasuna izango duen ore batean ondoen batzen direnak aukeratzea.

Eta dilistak eta/edo txitxirioak dira horretarako egokienak. Eta ez bakarrik duten testura eta zaporeagatik, baizik eta baita dituzten onurengatik ere: dilistak dira proteina kopuru handiena duten lekaleak, eta bitamina ugari ere badute, batez ere B taldeko bitaminak, baita mineralak, burdina, magnesioa, zinka eta kaltzioa ere.

Txitxirioek, berriz, kalitate oso oneko proteinak dituzte eta, koipe pixka bat duten arren (% 5 inguru), gehientsuenak poliasegabeak eta monoasegabeak dira (% 90 inguru), bihotza eta burua babesten dituzten koipe onuragarriak.

Osasungarriak izateaz gain, gure dietan eta haurrenean –asko gustatzen baitzaizkie hanburgesak– lekaleak eta barazkiak sartzeko modu orijinala ere bada landare-hanburgesak jatea. Hori bai, saltsak eta kaloria kopuru handiko osagarriak saihestea komeni da, patata frijituak esaterako (hobe ilar-entsalada batekin edo labean prestatutako barazkiekin jatea).

Ekin diezaiogun… lekale-hanburgesak prestatzeari!

Zer darama lekale-hanburgesa batek? Egosi eta birrindutako lekale-oinarri batekin (txitxirioak, babarrunak, babak…) prestatzen da orea –purea egitera iritsi gabe, trinkoa gera dadin– eta, eskuarki, ogi birrinduz edo olo-, arto-, sesamo-irinez edo arroz integralezko irinez, nahasketa hobeto bateratzeko.

Hortik aurrera, zuk nahi duzuna gehitu diezaiokezu, ongi-etorria izango da: haziak (kuia, ekilorea, txia…), zerealak (arroz integrala, oloa, kinoa…), barazkiak (tipula, kuiatxoak, piperra, alberjinia…), fruitu lehorrak (pinaziak, urrak, kakahueteak…), espeziak (kurria, piperrautsa, kuminoa, perrexila…).  Proba ezazu gehien gustatzen zaizun konbinazioa!

Hasteko, alda ezazu pisto-hanburgesaren gure errezeta; nahikoa izango duzu haragiaren ordezko zure lekale kuttuna edo lekale-nahasketa bat sartzea. Horra hor proposamen azkar bat:

Osagaiak: 200 gramo dilista egosi, 200 gramo txitxirio egosi, piper gorri bat, piper berde bat, kuiatxo bat, tipula bat, tomate bat, baratxuria, kuminoa, gatza, piperra eta oliba-olio birjina estra.

Nola prestatu: txikitu tipula, piperrak, kuiatxoa eta tomatea; sueztitu oliba-oliotan, eta bota gatza; gorde, hozten den arte. Ondu lekaleak gatzez, piperrez eta kuminoz. Gehitu pistoa eta nahastu ondo. Eman forma hanburgesei, eta friji itzazu plantxan. Labean prestatutako alberjiniekin eta entsalada batekin batera aurkez ditzakezu. On egin!