Arraina kalitateko proteinen iturri nagusietako bat dugu, eta, gainera, aberatsa da kaltzioan, fosforoan, magnesioan eta burdinan. Hori dela eta, gomendatzen da arraina astean bost aldiz kontsumitzea, edozein eratan. Beti ezin dugunez mahaian arrain freskoa eduki, saia gaitezke hozkailuan arrain izoztua edukitzen —modu horretara, gainera, anisakisarekin infektatzea saihesten da—, edo arrain-kontserbez balia gaitezke urte-garai guztietan. Baina, hautu osasungarria ote da hori? Ona da kontserbetako arraina kontsumitzea? Zalantzarik gabe, oro har, arraina kontsumitzeko modu erraza eta azkarra da; zehazki, beren garaitik kanpoko barietate batzuk, hala nola hegaluzea edo antxoak.

Egia esan, Marta Aguirre doktore eta nutrizioko espezialistak azaltzen digunez, arrain-kontserbak osasungarriak izan daitezke, betiere kontuan hartzen baditugu haiek kontsumitzeko aholku batzuk, eta baldin badakigu zer elikadura-aldaketa gerta daitezkeen.

Baina, oro har, kontserba-lata batek dituen mineralak arrain bakoitzak berezkoak dituenak dira, eta ez dira galtzen; areago, batzuetan, gehitu egiten dira. Horixe gertatzen da sardinekin, latan hirukoiztu egiten baita haien kaltzio-edukia. Beroarekin tratatuz gero, hezurretako kaltzioa haragira pasatzen da, eta, hala, 100 g sardina freskok 50 mg kaltzio baditu, 100 g kontserba-sardinak 250 mg kaltzio ditu.

Arrain-proteinak ere mantendu egiten dira kontserbetan. Hori oso garrantzitsua da, proteina horiek balio biologiko handikoak baitira, gure organismoak sintetizatzen ez dakien oinarrizko aminoazido ugari izateagatik.

Arrainetan, ordea, ia ez dago gluzidorik edo karbohidratorik, eta, kontserban prestatzean, ez dira aldatzen. Arraina aberatsa da B taldeko bitaminetan ere; bitaminok, oro har, galdu egiten dira prestatu aurretik garbitzean. Metalezko, aluminiozko edo altzairu ijeztuzko latek, ordea, babestu egiten dute argitik eta oxidaziotik; beraz, latan sartu ondoren, minimizatu egiten da galera.

Azkenik, aipagarriak dira bitamina lipodisolbagarriak, hala nola A bitamina eta D bitamina, oso ugariak, batez ere, arrain urdinetan. Arrainaren eduki hori ere ez da aldatzen kontserban prestatzean.

Naturala, eskabetzean edo oliotan

Kontserbako arrain-lata bat kontsumitzean, komeni da produktu naturala hautatzea, erabiltzen den olioaren ondorioz koipeak eta kaloria-ekarpena handiagoak baitira arrain freskoaren aldean. Oliotako kontserba bat hautatuz gero, hobe da oliba-olioa izatea; hala, azido oleikoaren eta arrainaren omega 3 olio koipetsuen konbinazioak gure bihotz-hodiak babestuko ditu.

Eskabetxeei dagokienez, hobe da haiek gehiegi ez kontsumitzea, proteinen zati bat desnaturalizatu egiten baitute.

Kontuan izan behar da, halaber, arrain-kontserbak, latatan sartutako elikagai guztiak bezala, aberatsak direla sodioan (gatza); beraz, hipertentsioa dutenek ez dituzte gehiegi kontsumitu behar. Badira merkatuan sodio edo gatz gutxiko kontserba-aukerak; horiek erabilgarriak izan daitezke halako kasuetan.

Ikusten duzuenez, kontserba egokiak hautatzen baditugu eta haiek kontsumitzean zenbait jarraibideri jarraitzen badiegu, arrain-kontserbak arraina kontsumitzeko modu on bat izan daitezke, eta, areago, osagai ezin hobea zenbait errezetatan.

Beste aukera bat da arrain freskoa erostea eta zeuen kontserba propioak prestatzea. Bideo honetan azalduko dizugu nola ontziratu hegaluzeaEtxean ontziratzeko ohitura dutenei ohartarazten diegu arriskua dagoela egoste-tenperaturarekin edo –denborarekin, denbora edo tenperatura nahikoak ez badira edo ontziren bat ez bada hermetikoki itxi. Halakoetan, gerta liteke botulismo gaixotasun larria eragiten duen bakterioarekin kutsatzea.

BM Supermerkatuetan, arrain freskoa kontsumitzera animatzen zaitugu, eta, horretarako, kalitate eta zerbitzu onena jartzen dizugu eskura, gure arrandegien bidez. Hala ere, kontserbako arraina kontsumitu behar baduzu, aukera zabala eta marka ugari ditugu.