Pithaya edo “herensugearen fruta” erabat ezezaguna izan da gehienontzako. Baina gaur egun, duen erabilera aniztasunari eta, batez ere, itxura deigarriari esker, janari eta plater askoren milaka argazkitako protagonista bihurtu da fruta exotiko hau, eta arrakasta izaten ari da sare sozialetan.

Eta ezta gutxiagorako: pithaya dastatzen dutenak liluratuta geratzen dira, duen zapore finagatik –gozo samarra eta loretsua–; barrualdetik mamitsua eta freskoa delako, eta sukaldaritzan eta apaingarri gisa dituen aukera ugariengatik. Eta, zer esanik ez fruta horrek dituen dohain osasuntsu ugariengatik.

Itxura arrauzkara berezia du, more eta berde koloreko oskol erakargarria; berez da apaingarri orijinala… ez al du valyrio su-bola baten antza? Egia esan, lasai asko ager liteke Amerikako fruta exotiko hau Juego de Tronos telesailaren kapitulu batean, horretarako maila baitu, duen itxura bikain eta ia irrealari esker! Hain zuzen ere, telesail horren jarraitzaile batzuk inspiratu ditu hainbat plater prestatzeko, dragoien ama-entsalada, esaterako.

Pithayaren barrualdea mamitsua da, pulpa zuria edo arrosa du (kanpoalde horia duen barietate bat ere badago), eta hazi beltz txikiz zipriztinduta dago. Kiwi baten barrualdearekin aldera genezake; hain zuzen ere, kiwia bezala jan daiteke, zuzenean koilara batekin J.

Xaflata edo laukitxotan ere moztu dezakezu, eta entsaladan, mazedonian edo sorbetean kontsumitu. Eta ez ezazu bota oskola! Pithaya edo beste fruta batzuk zerbitzatzeko plater orijinal gisa erabil dezakezu.

Pithayaren onurak

Kaloria gutxi du: 50 bat kilokaloria 100 gramo bakoitzeko (kiwiaren antzera). Gainera, % 90 ura da; horri esker, fruta diuretikoa da.

C, B1 eta A bitamina kopuru handia du: immunitate-sistema indartzen du, larruazala zaindu, mukosak osasuntsu mantentzen ditu, eta ikusmenerako efektu onuragarriak ditu. 

Pithayaren haziek, testura kurruskari atsegina izateaz gain, E bitamina eta gantz-azido ugari ere badute.

Apetitua hobetzen du eta heste-igarotzea erregulatu, duen fitoalbumina, pektina eta zuntzari esker.

Gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzen ditu: dituen gantz-azido aseek eta flabonoideek LDL kolesterola (“kolesterol txarra”) murrizten laguntzen dute.

Fosforo, manganeso, burdin, magnesio eta kaltzio kopuru ona du: antioxidatzailea da, hezurrak eta hortzak indartzen laguntzen du, giharrak eta memoria zaintzen ditu, energia-iturri ona da…

 Atera iezaiozu etekin handiena

Sarean bilatzen hasten bazara, errezeta interesgarriak aurkituko dituzu. Fruta honetaz gozatzeko modu erraz bat da –zuzenean, besterik gabe jateaz gain– beste fruta batzuekin konbinatzea (angurria, litxia, mangoa, papaia, kiwia, banana…), eta irabiatu goxo eta elikagarri bat egitea.

Jogurt naturala edo esnea erabil dezakezu smoothiearen oinarria egiteko; landare-edari bat (oloa, soja…) ere aukera dezakezu, eta osagai hauek gomendatzen dizkizugu: pithaya bat, banana bat, kiwi bat, ahabi eskukada bat, koilarakada erdi bat jengibre; 175 ml sagar-zuku (alda ditzakezu, edo nahierara aukeratu osagaiak); eta, gozozalea baldin bazara, gozatu dezakezu. Likidotu, eta zerbitza ezazu hotza.

BM Supermerkatuetako frutategietara etortzen bazara, emango dizkizute fruta deigarri eta goxo honi buruzko aholkuak.