Ez da bolada igarokorra, ezta sukaldaritzako hipsterrentzako edo foodie esklusiboenentzako jakia ere: gero eta ohikoagoa da jatorriz Hawaikoa den poke plater hau mundu osoko jatetxetako menuetan eta errezeta-liburuetan aurkitzea –bertsio ezberdinekin eta tokian tokiko gustuetara egokituta–, azkeneko urteotan Amerikako Estatu Batuetan ezaguna egin ondoren.

Hainbat arrazoirengatik lortu du bere tokia pokeak plater osasungarrien artean. Alde batetik, plater elikagarria delako, sukaldaritzan oinarrizkoak diren bi osagairekin konbinatzen baita: arrozarekin eta arrainarekin. Gainera, oso erraza da pokea prestatzea eta, entsaladak bezala, norberaren gustuen araberako konbinazioak eta nahasketak egiteko aukera ematen du; eta, jakina, goxo-goxoa da. Zer gehiago eska dakioke!

Esan dugun bezala, Ozeano Bareko uharte ezagunetako olatuen gainean surfean iritsi zaigu plater hau. Eta surflarien artean arrakasta duen arren –elikagarria delako–, Hawaiko arrantzaleengana jo behar dugu pokearen jatorri bila; arrain gordin zatiekin prestatzen zuten –normalean hegaluzearekin–, indarberritzeko, jaki arin, sinple eta oso elikagarri batekin.

Zapore biziagoa emateko, uharteetako produktuekin apailatzen zuten: algekin, itsasoko gatzarekin o Indiako intxaurrekin, besteak beste. Japoniarrek errezeta hartu eta arrozarekin, sojarekin, tofuarekin eta beste arrain, itsaski eta molusku batzuekin aberastu zuten, hala nola izokinarekin eta olagarroarekin. Denborarekin, osagai eta konbinazio ugari sortu dira, beste herrialde eta kultura batzuen eraginaren ondorioz.

Sushia baino merkeagoa, entsalada baino osoagoa

Gaingiroki, esan dezakegu pokea arrain gordinez egindako entsalada dela, edo osatutako tatakia edo sushia; baina sushia baino merkeagoa eta entsalada baino askoz osoagoa da, osagai ugari onartzen baitu.

Horrela, poke bowl tradizional batek (beti zerbitzatu behar da bol batean) oinarrizko hiru elementu ditu: oinarria, zereal bat (arroz zuria, arroz integrala, kinoa) edo kalea edo letxuga-nahasketa bat izan daitekeena; proteina: arrainak, itsaskiak eta moluskuak (hegaluzea, izokina, ganbak, olagarroa…) edo tufua, saltsa ezberdinetan marinatuta (soja, sesamo-olioa, washabia); eta barazkiak (algak, ahuakatea, luzokerra, tipula, tomatea, barazki ozpinduak edo freskoak, sesamo-haziak…)

Beraz, proteinak, mineralak, bitaminak eta karbohidratoak biltzen ditu plater berak. Aukeratutako osagaien arabera, omega 3 (hegaluzea edo izokina), proteina (olagarroa), hidrato (kinoa edo arroza, baina baita pasta ere), kaltzio, iodo, magnesio, burdin, potasio eta sodio (algak) maila handiak izango ditu pokeak. Konta ezin ahalak dira konbinazioak.

Pokea: ehunka aukera, hiru gomendio

Esan dugun bezala, aldaera eta osagai ugari onartzen ditu pokeak. Hiru errezeta gomendatzen dizkizugu guk:

Izokin-pokea, algaz eta sesamoz.

Urraburu-pokea kinoarekin.

Hegaluze-pokea pastaz, tipula-kimuz eta barrengorriz.