Goizeroko kontua da: iratzargailua joka hasten da… eta berriro ere denboraz gaizki zabiltza! Kafe bat, tetrabrikeko zukua eta opilen bat gosaltzen duzu –kasurik onenetan–, eta korrika jaitsi behar eskailerak, igogailuaren zain egoteko denborarik ere ez duzulako (kirol pixka bat egiten duzu, behinik behin! J). Txantxak alde batera utzita, daramagun erritmo azkarraren eraginez, galtzen ari gara gosariaren errituala, eta gero eta ohikoagoa da planteatzen dugun “esajerazio” hori. Gelditu eta slow breakfastaren izpiritua berreskuratzeko garaia da, gosari lasai eta osasungarriak berreskuratzekoa.

Ideia horrek are garrantzi handiagoa du gaur, otsailak 13, Gosariaren Egun Nazionala baita; Nutrizioaren Espainiako Fundazioaren (FEN) ekimena da, eguneko lehenengo jatorduak duen garrantzia aldarrikatzeko, eta gure herrialdeko egoera aztertzeko.

Elikaduran adituak direnek diote gosaria eguneko otordu garrantzitsua dela; badago esaera zahar bat gazteleraz, “Gosaldu erregeak bezala…” (“Desayuna como un rey…”), baina Gosarian eskolako menua osatzeko gako osasungarriak postean adierazi genizuen bezala, garrantzitsuagoa da jakien kalitatea, kantitatea baino.

Hala ere, kontuan izan behar da 8-10 ordu inguru daramala “hutsik” organismoak, elikagairik eta likidorik jaso gabe. Beraz, gosaltzen ez badugu, ez ditugu “berrantolatuko” gauean alteratutako prozesu metabolikoak ere, eta ez dugu birkargatuko goizean zeharreko errendimendu fisiko eta intelektualerako beharrezko energia (glukosa, karbohidratoak, etab.).

Esnekiak, fruta eta zerealak

Garrantzitsua da geure buruari gosari osasungarria prestatzeari behar adina denbora eskaintzea. FEN fundazioaren arabera, gosari oso batek eguneko energia-beharren % 25 inguruko ekarpena egin behar dio organismoari eta, gutxienez, hiru elikagai-talde izan behar ditu: esnekiak, fruta eta zerealak.

Hori kontuan hartuta, biztanleriaren % 25ek bakarrik egiten du gosari osoa, eta ia % 40k ez du arau hori betetzen, gosariko ohiturei buruzko ANIBES azterlanaren arabera. Eta kezkagarriena dena: haurren % 3k bakarrik hartzen du kalitatezko gosaria, azkeneko ALADINO txostenaren arabera.

Gosaltzeari eskaintzen diogun denborak ere badu garrantzia. Gosariaren batez besteko iraupena 10 minutukoa da lanegunetan, eta 12 minutukoa asteburutan. Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiak, baina, 20-30 minutu eskaintzea gomendatzen du; horrek asko hobetzen du digestioa.

Slow breakfast: eseri eta goza ezazu gosariaz!

Ez ezazu zutik kafe edo infusio bat hartu; hori ez da gosaltzea! Eser zaitez, eta dasta ezazu lasaitasunez. Horixe da slow foodaren ideia nagusia; slow food kalitatezko osagai osasungarriz, eta maitasunez (eta ahal bada momentuan bertan) prestatutako sasoiko eta bertako produktuez egindako etxeko janariaz gozatzean oinarritzen den mugimendua da.

Filosofia hori gosarira ekartzen badugu, aukera zabala dugu: fruta, landare-gaiak, lekaleak, fruitu lehorrak, zereal integralak, arrautzak eta esnekiak dira gosari goxoak prestatzeko oinarrizko produktuak, eta ez digu denbora askorik lapurtuko.

Ideiarik? Munduko ogi xigortuok: zatozte nigana! Errezeta pila bat dago: Tomate– edo ahuakate-humusaz igurtzitako ale osoko ogi eder bat, gainean izokinarekin edo atunarekin; edo ortuariren batekin, luzokerra edo errefaua kasu. Gazta freskoa edo arrautza egosia ere erabil dezakezu. Zeuk duzu azken hitza!

Proposamen gehiago: olo ontzi bat, frutekin eta txokolatearekin; edo fruitu gorrien smoothie bat, landare-esnearekin. Oro har, badaude gosaritan mugatu beharreko jaki batzuk: azukrea, marmelada, gurina… Nolanahi ere, noizean behin gutiziaren bat izan dezakegu… Zer iruditzen ogi xigortua karamelizatutako bananaz eta jogurtaz?

Truku bat… osagaiak bezperan prest uzten badituzu, minuturen bat edo beste gehiago izango duzu ohean egoteko. A!, eta ez aspertzeko, saia zaitez formulak aldatzen: gaur fruta gosaldu baduzu, bihar mazedonia bat presta dezakezu. Ogi xigortua olioz eta tomatez jan baduzu, ziazerba, arrautza eta tomate mokadutxoak presta ditzakezu.

Ideiak soberan dituzu… orain, etor zaitez BM Supermerkatuetara zure gosari ideala prestatzeko osagairik onenak aurkitzera!