Fruitu lehorren taldean sartzen diren arren eta, era horretako fruitu guztiek bezala, kaloria dezente duten arren, pistatxoak dira kaloria gutxien (541 Kcal 100 gramo bakoitzeko) eta proteina gehien (20,6 gramo) duten fruitu lehorrak.

Pistatxoen energia-ekarpena duten koipe kopuru handiaren ondorioa da (44,4 gramo), nahiz eta gure osasunerako onuragarria den koipe mota izan. Hau da, gantza ase gutxi dute (5,5 gramo) eta monoasegabe eta poliasegabe ugari (23,3 gramo), bai eta Omega 3 ugari ere.

Fruitu lehor osasungarria bihotzerako

Gainera, antioxidatzaile, azido foliko eta bitamina (B1, B2, B6, A, E eta folatoak) ugari dute, eta horrek kolesterol oso kopurua murrizten laguntzen du, eta HDL kolesterol ‘ona’ hobetzen du. Horri guztiari esker, pistatxoak elikagai onak dira arazo kardiobaskularrak prebenitzeko.

Pistatxoek, eta fruitu lehorrek oro har, obesitatearen aurka borrokatzen laguntzen digute; izan ere, kaloria kopuru handia duten arren, duten energia disponibilitate txikikoa da, eta oso asegarriak dira, duten zuntz kopuru handiari esker (6,5 gramo).

Nabarmentzekoa da daukan mineral kopuru handia ere: potasioa (1.025 miligramo), fosforoa (490 mg), magnesioa (121 mg), kaltzioa (107 mg) eta burdina (4,15 mg).

Beste elikagai batzuekin bezala, kontu handia izan behar dugu jaten dugun pistatxo kopuruarekin. Otordu artean, “snack osasungarri” gisa, 25 gramo jatea gomenda genezake, afalordura, esaterako, apetitu txikiagoarekin iristen laguntzeko.

Laburbilduz, pistatxoak…

Kolesterolaren eta gaixotasun kardiobaskularren aurkako aliatu onak dira: duten gantz monoasegabeei, gantz poliasegabeei eta antioxidatzaileei esker.

Kontuan izan beharreko kaltzio-iturria dira: esnekien osagarri edo alternatiba egokia dira.

Asegarriak dira: gehiegizko pisuaren aurka borrokatzen laguntzen digute (beti ere, egunean 25 bat gramo baino gehiago jaten ez badugu)

Funtzio kognitiboa hobetzeko ezin hobeak dira: Omega 3, kaltzio, B6 bitamina, fosforo eta iodo mailek garunaren errendimendua hobetzen laguntzen dute.

Haurdunentzako oso egokiak dira: azido foliko kopuru handia dute, eta substantzia horrek umekiaren neurozelea babesten du; gainera, hileko-aurreko sindromea arintzen laguntzen du.