Hosto berdedun beste barazki asko bezala, ziazerbak ere oso egokiak dira elikadura osasungarri baten oinarri gisa. Ziazerben ezaugarri garrantzitsuenetako bat da betakaroteno kopuru handia dutela, ia azenario boteretsuen neurri berean. Betakarotenoak aliatu oso onak dira azalerako, eguzkiarekiko sentikortasun nahasmenduak dituzten pertsonen azala babesteko laguntza oso eraginkorra baitira.

Hala ere, beste barazki batzuekin gertatzen den bezala, bere ezaugarriak eraldatu egin daitezke kontsumitzeko moduaren arabera. Gordinik edo kozinatuta jatea zer den hobea eztabaidak beste bide bat hartu du orain; kontsumitzeko bi modu horien arteko aldeak aztertzera jo da, biek baitituzte beren abantailak. Alde batetik, barazkiek bere horretan mantentzen dituzte ezaugarrietako batzuk gordinik kontsumituta, tenperatura altuetan jarrita galtzen direnak. Bestalde, berotasunak landare batzuen arazo jakin batzuk desagerrarazten dituzte, eta areagotu egiten dute barazkien efektu onuragarria.

 

Gordinik, bitamina gehiago

Ziazerben kasuan, duten C bitamina kopuru handiaz baliatzeko aukera ona da barazkiok gordinik kontsumitzea. Gordinik egosita baino kaloria kopuru txikiagoa dute, gainera, eta badirudi hobeto mantentzen dituztela folatoak, asko galtzen baitira egosterakoan. Ziazerbak gordinik jatearen beste abantaila bat gure gustuekin lotuta dago, barazkiaren testura kurruskaria mantentzen baita, oso atsegingarria entsaladan eta beste jaki batzuen lagungarri gisa kontsumitzeko.

Kasu horretan, gainerako barazkiekin gertatzen den bezala, behar-beharrezkoa da ondo garbitzea, ur askorekin.

 

Kozinatuta, mineral gehiago

Bestalde, ziazerbak kozinatzen baditugu, mineralen kontzentrazio handiagoa lortuko dugu, nahiz eta bitaminak galdu. Elementu batzuk –hala nola, kaltzioa, burdina eta magnesioa– hobeto xurgatzen dira, barazkiak berotzen baditugu.

Garrantzitsua da ziazerbak kozinatzeko modua ere. Ur kopuru handitan egosita, dituen abantaila kopuru handiena alferrik galtzeko modua izan daiteke. Hain zuzen ere, egosteko erabilitako ura berreskuratzea eta, esate baterako, edari modura erabiltzea izango litzateke gomendagarriena kasu horretan. Ziazerbak –edo bestelako barazkiak– beren efektuak kaltetu gabe eta efektu horiek indartuz kozinatu nahi baditugu, honako hauek dira aukerarik onenak: lurrunetan egostea denbora labur batez, zartagin batean pixka bat salteatzea edo mikrouhin-labean kolpe bat ematea.

Aukera biek, gordinik eta kozinatuta jateak, dituztenez abantailak, biak tartekatzea aukerarik egokiena. Nolanahi ere, askoz gehiago dira barazki eta fruta asko jatearen abantailak, gertatzen diren galerekin alderatuta.