Atuna arrain urdin bikainenetakoa da, nutrizio-balio handia duelako; duen Omega 3 gantz-azidoak dira arrain horren dohain nagusietako bat. Gure sukaldeetako arrain ohikoenetakoa da, gainera, sardinarekin, antxoarekin, amuarrainarekin eta izokinarekin batera.

Munduko itsasoko arrantzarako duen garrantzia dela eta (itsasoko arrantza guztiaren % 20), 2017az geroztik Atunaren Mundu Eguna ospatzen da maiatzaren 2an, arrain hori eta bere ekosistemak zaintzeko beharrari buruz kontzientziatzeko helburuz.

Mundu osoko itsasoetan dozena bat espezie baino gehiago existitzen den arren, Hegalaburra edo Atungorria (Thunnus thuynnus) eta Hegaluzea edo Atunzuria (Thunnus alalunga) dira espezierik ezagunenak eta preziatuenak. Azken horri posten bat eskaini diogunez, Hegalaburrean zentratuko gara orain, eta arrain bikain hori zaintzeko hiru arrazoi emango dizuegu:

Ez delako agortezina

Zalantzarik gabe, atun espezie hori –zimarroi izena ere ematen zaio– merezi duen bezala baloratzeko lehen arrazoia da espezie mehatxatua dela. Badaude Hegalaburra harrapatzeko kontrolak, baina guk ere lagun dezakegu espezie hori babesten, teknika jasangarriekin harrapatutako arrainak erostearen aldeko apustua eginez.

Atlantikorik Mediterraneora migratzen du urtero itsasoko erraldoi honek –500 kilo izatera irits daiteke– maiatza eta abuztua bitartean, eta ekainean eta uztailean izaten ditu errunaldiak, klimaren arabera. Itsasartetik egiten dituen bidaiak aprobetxatzen dituzte arrantzaleek hegalaburra harrapatzeko; almadraba edo atun-arrantza deritzona da zona horretako teknika tradizionalena.

Altxor nutrizional bat delako

Duen nutrizio-balore handia da altxor gastronomiko hau maitatzeko beste arrazoi bat. Kolore arrosakara du hegalaburraren haragiak, eta koipe-eduki orekatua (5 gramo 100 gramo bakoitzeko), Omega 3 kopuru handiarekin; horri guztiari esker, elikagai osasungarria da bihotzerako, eta oso preziatua munduko gastronomian.

Balio biologiko handiko proteina kopuru handieneko arrainetako bat ere bada (23 gramo 100 gramo bakoitzeko); horri dagokionez, haragiarena gainditzen du. Gainera, B taldeko bitamina kopuru handia du (B2-erriboflabina, B9-azido folikoa, B3-niazina o B12-zianokobalamina), bai eta A eta D bitamina lipodisolbagarri kopuru handia ere; azken horiek oso onuragarriak dira azala, mukosak, ehunak eta nerbio-sistema zaintzeko.

Mineral-iturri aberatsa ere bada, hala nola fosforoa, magnesioa, burdina eta iodoa ditu; hezurrak, hortzak eta giharrak babesten eta hesteen eta sistema immunearen funtzionamendua erregulatzen laguntzen dute, besteak beste.

Goxo-goxoa delako

Duen zapore bikainari esker, plater eta errezeta askoren funtsezko osagaia da hegalaburra, Japonian batez ere; herrialde horretan, sushia egiteko erabiltzen da mendrezka, eta sashimia egiteko, berriz, solomoa. Kalitate handiko 24 pieza ateratzen dira hegalaburraren zatikatzetik.  Horregatik, itsasoko “txuleta” edo “iberikoa” ere deitzen zaio hegalaburraren haragiari.

Atalik onenez –mendrezka eta solomoa, esaterako– gozatzeko modurik egokiena gordinik jatea da, tartar, carpaccio, ceviche, tataki edo poke batean. Plantxan edo labean ere presta daiteke, eta gelatina gehien duten atalak (kontramormoak, galeteak, fazerak, etab.) gisatuetan eta erregosietan erabil daitezke, su geldoan prestatuta.