Baratxuria izango da, ziur asko, sukaldaritza mediterraneoan gehien erabiltzen diren ongarrietako bat. Duen zaporeaz eta jakiei ematen dien ukitu berezi horretaz gain (nahiz eta ez den denen gustukoa), nutrizioarekin lotutako dohain eta osasunerako onura handiak ditu baratxuriak (Allium sativum), antzinatik ezagunak.

Tipularen (Alliaceae) familiako erraboila da –horregatik ote da horren ondo ezkontzen direla?–, Kirguistango (Asia) inguruan jatorria duena. Hala ere, Mediterraneo osoan hedatu zen berehala baratxuriaren kontsumoa eta ekoizpena, eta mundu osora hedatu zen beranduago, sukaldaritzarako eta medikuntzarako dituen erabilera ugariengatik.

Are gehiago, ia kultura guztietan aurki dezakegu. Egiptoarrek indar-berritzaile gisa erabiltzen zuten, eta greziarrek, berriz, askotariko gaixotasunak tratatzeko. Hain zuzen ere, Dioscoridesek eta Hipokratesek, esaterako –medikuntzaren bultzatzaile garrantzitsuak izan ziren– baratxuriarekin tratatzen zituzten heste-urdaileko eta arnasbideetako arazoak, besteak beste.

Dohain asko izateak produktu ia ‘magikotzat’ jotzera eraman du baratxuria. Are, gaur egun, zientziak ez du erabat deskubritu zergatik den osasunerako hain ona. Era berean, urteen poderioz, banpiroak uxatzeko gaitasun bitxiarekin ere lotu izan dute ongarri bikain hori kondairek eta sineskeriek.

Baina elezaharrez eta fantasiez harago, egiaztatu da osasunerako onura handiak dituela. Hain zuzen ere, Osasunaren Mundu Erakundeak egunean 2-5 gramo baratxuri fresko (baratxuri-ale bat gutxi gorabehera) kontsumitzea gomendatzen du, ohitura osasungarritzat jota.

Hauexek dira baratxuriaren dohain nagusiak:

Hipertentsio arteriala murrizten du. Bihotzaren Espainiar Fundazioak (FEC) dietan baratxuria erregulartasunez sartzea gomendatzen du.

Baratxuri gordinak alizina liberatzen du, tronboen eta hipertentsioaren aurkako substantzia bat, bihotz-erritmoa hobetzen eta ACV edo iktusa sufritzeko arriskua murrizten duena.

Prestatzerakoan –alizina galtzen duen arren–, adenosina eta ajoenea sortzen du baratxuriak, osagai antikoagulatzaileak eta kolesterola murrizten dutenak.

1858an, baratxuriak bakterien aurkako ahalmena zuela baieztatu zuen Louis Pasteur

Serotonina maila handitzen laguntzen du, estresa eta depresioa murriztuz.

Dohain analgesikoak, hanturaren aurkakoak, antipiretikoak, onddoen aurkakoak, erreumaren aurkakoak eta diuretikoak dituela esaten da.

Zuntzak, karbohidratoak eta proteinak

A, B eta C bitamina kopuru handia du: eguneko gomendatzen den B6 bitamina kopuruaren % 95 eta C bitaminaren % 52 du.

Mineral-iturri garrantzitsua da: fosforoa (% 22), kaltzioa (% 18) eta burdina (% 14).

Azken batean, dieta mediterraneorako ezinbesteko ongarria da, bizimodu osasungarriagoa izaten laguntzen diguna. Gainera, errezeta goxoak presta daitezke, baratxuria benetako protagonista delarik: Zer iruditzen baratxuri-zopa garnizioarekin?