Beharbada ikusiko zenuen zure supermerkatuko apaletan. Bimi deitzen da, eta betiko brokoliaren eta kai-lan deritzon ekialdeko aza baten edo txinatar aza berdearen arteko gurutzatzea da. 90eko hamarraldi hasieran Japonian egindako hibrido naturala da; eta horren emaitza, betiko brokoliak baino zapore eta testura finagoko barazkia, nutrizio-dohain bikainak dituena.

Brokoliak baino zuntz eta bitamina gehiago

Brokoli arrunta bezala, Brassicaceae familiakoa da, eta bere senitarteko berdeek bezala, organismorako dohain onuragarri ugari du. Adibidez, brokoliak baino zuntz gehiago du, eta hori oso interesgarria da gure digestio-aparaturako eta heste-florarako.

Bere familiako brokoliaren bitamina eta mantenugai ia bikoitza du, gainera; batez ere, C bitamina, D bitamina, kaltzioa, burdina, zuntza eta antioxidatzaile ugari.

Beste alderdi osasungarri batzuetan ere gaindi litzake bere lehengusu brokolia, azalorea eta aza, frogatuta baitago hobeto absorbatzen direla bere osagai bioaktiboak (minbiziaren aurkakoak, antioxidatzaileak eta hanturaren aurkakoak).

Finagoa eta xamurragoa

Sukaldaritzaren ikuspuntutik ere baditu bere anaia zaharrarengandik desberdintzen duten dohain interesgarri batzuk. Are, norberaren gustuen arabera, erakargarriagoa ere izan daiteke, dituen zurtoinak finagoak, xamurragoak eta luzeagoak baitira, ia gari-zainzuriarenak bezalakoak, eta zapore finxeagoa ere badu, ez horren mingotsa.

Kozinatu gabe ere jan dezakegu, bere fintasunari eta gozotasunari esker. Hala ere, bere ezaugarriak eta sentsazioak are gehiago indartu nahi baditugu, lurrunetan presta dezakegu denbora labur batez. Gomendagarriena da gehienez 3-4 minutuz egostea, ez dadin bigunegia eta lasaiegia geratu. Nahikoa izango litzateke zerbitzatzea, gatzaz eta piperraz ontzea eta oliba-olio on batekin bustitzea, garnizio goxo-goxoa lortzeko.

Are zaporetsuagoa izatea nahi badugu, perfektua da wok-ean edo zartaginean salteatzeko, luzetara ebakitako beste barazki batzuekin edo oilasko, txahal, itsaski edo arrain zatiekin. Soja-saltsaz edo curryaz ekialdeko ukitu bat ematen badiogu, eta fruitu lehorren bat gehitzen badiogu –arbendolak edo anakardoak, esaterako–, ikaragarria izango da emaitza.