Udazkeneko euriek perretxikoz eta onddoz betetzen dituzte gure basoak eta, horri esker, gure apaletako produkturik arrakastatsuenetakoak izaten dira. Ia ezinezkoa da aurki ditzakegun onddo barietate guztiak zenbatzea, baina gaurko honetan, ehun espezietik gora dauzkan onddo mota bati jarriko diogu arreta. Boletus mota batzuk dira jangarriak eta gastronomiako onddorik estimatuenak dira, sukalderako aukera ugari eskainiz.

Boletus moten artean, Boletus edulis deritzona nabarmentzen da; izen asko erabiltzen da onddo mota hori izendatzeko. Zonaren arabera, izen bat edo beste bat ematen zaio:onddo zuria, kuia-perretxikoa, porroa, onddo horia, miguel, cep, sureny edo txerri-perretxikoa.

Edozein dela ere ematen zaion izena, Boletus edulis onddoaren ezaugarri nagusienak honakoak dira: cava tapoiaren forma dauka, txapel arrea, oro har, nahiko handia, 20 cm-ko diametrokoa izatera ere irits daitekeelarik eta ertz zurixka. Konifero-basoetan, hariztietan eta pagadietan sortu ohi da eta sukaldean erabilienetakoa da, bere zaporeagatik eta testuragatik, oso usain ezaugarririk ez daukan arren.

Boletus aereus motako onddoa ere oso mamitsua eta zapore handikoa da, ahogozoa, benetan. Edulis onddoak ez bezala, Boletus aereus onddoa kolore arre ilunekoa da, ia beltza eta barrenean urre-koloreko islak izaten ditu. Horregatik eman izan zaio onddo beltza izena. Zuhaitz hosto-erorkorreko basoetan aurkituko dugu espezie hori, esaterako, gaztainondoak, haritzak edo pagoak dauden basoetan.

Jangarria den beste Boletus mota bat Boletus pinophilus da; aurrez aipatu ditugun biekin alderatuta, askoz usain biziagoa dauka.Oso erraza da begiratu batera ezagutzea, ardo-kolore gorria baitauka, batzuetan, marroixka.

Aurkeztu dizkizuegun hauek Boletus mota jangarrietako batzuk besterik ez dira, ezagunenak. Orain, sukaldean sartu eta prestatzea besterik ez zaigu geratzen. On egin!

Iturria: Gorbeiako Bazterra Elkarte Mikologikoa