Nutrizioari dagokionez barazkien taldekoa den arren, egiatan txorten batek batzen duen lore-multzo bat da orburua; bihotza eta lorea inguratzen duten hosto babesleak dira orburuaren atal jangarriak.

Hezetasun handirik gabeko zona epeletan hazten dira, batez ere Mediterraneo inguruan; zona horretakoak dira jatorriz, eta badirudi greziarren eta erromatarren ohiko dietan bazeudela dagoeneko orburuan, nahiz eta arabiarrak izan ziren, Erdi Aroan, orburuen kontsumoa Europa osora hedatu zutenak.

Gaur egun, orburuek leku garrantzitsua hartzen dute bizitza-estilo osasungarrian, eta oinarrizkoak dira dieta arazgarraietan zein dieta orekatuetan, oro har. Ez ezazu zalantzarik izan, eta errepika ezazu plater hau zure asteko dietan, bere kaloria-ekarpena oso txikia baita (43 Kcal / 100 gr.), eta ez baitu ia batere koiperik (0,12 gr).

Beraz, jaki ideala da pisua galdu nahi duten edo kolesterol-maila handia duten pertsonentzako. Gainera, mantenugai ugari ditu, tartean mineral hauek: potasioa (353 mg), fosforoa (130 mg), sodioa (47 mg), kaltzioa (53 mg) eta magnesioa (26 mg); baita C bitamina (7,6 mg), B1 (0,16 mg), E (0,19 mg), A (erretinola, 8 µgr) eta niazina (0,9 mg) ere.

Halaber, digestiorako onak dira orburuak, eta zuntz kopuru handia dutenez (10,7 gr), heste-igarotzean lagungarriak dira. Hala ere, ez da komeni gehiegikerietan ibiltzea ere, zuntz kopuru handi horrek haizeak sor baititzake kasu batzuetan, batez ere joera hori duten pertsonen kasuan.

Orburuak: desintoxikatzaileak eta gibelaren babesleak

Orburuek zinarina ugari ere badute; substantzia horrek bilis-sekrezioa handitzen du gibelean (efektu koleretikoa) eta, aldi berean, bilis horren behazun bidezko kanporatzea handitzen du (efektu kolagogoa).  Horrekin, koipeen digestio hobea lortzen da, eta horrek efektu desintoxikatzailea eta gibela babestekoa du.

Gainera, gernu ekoizpena eta urearen kanporatzea areagotzen ditu zinarinak; hau da, efektu arazgarria eta diuretikoa ere baditu. Zinarinaren asimilazioa indartu egiten dute azido malikoak, laktikoak edo glikolikoak, eta hori ere badute orburuek.

Nola prestatu behar ditut orburuak, ez ditzaten beren ezaugarri onuragarriak galdu?

Gordinik: orburuen bihotzak gordinik jan daitezke entsaladan, oliba-olio birjina estra pixka batekin ongarrituta.

Erreta: plantxan zein labean. Kasu horietan, hobe da puntak ez kentzea, hezetasuna mantentzen eta orburuak ez lehortzen laguntzen baitute.

Lurrunetan: orburuak prestatzeko modu bikaina da; ez dira galtzen mantenugaiak.

Egosita: kasu horretan, beti galtzen dira mineralak eta bitaminak; horregatik aholkatzen da salda aprobetxatzea.