Udazken koloreak baditu kuiak azalean. Izan ere, udazkenarekin batera bueltan datoz erosketa-saskian sartzeko moduko garaiko produktu asko. Kuia dugu horien artean, digestioari laguntzen dion elikagarriz beteriko barazki zaporetsua.

Gaur egun urtean zehar aurki daitekeen arren, hauxe da kuiaz gozatzeko sasoirik aproposena, irail bukaeran eta, bereziki, urrian zehar biltzen baita.

Kuia landarea (Cucurbita maxima) jatorriz Amerikakoa da eta kuiatxo, pepino, alberjinia, meloi edota angurriaren familia berekoa da (Kukurbitazeoak). Askotariko motak dauden arren, orokorrean kuiak mami gozo eta haziz beterikoa dauka (hauek ere balio nutrizional handikoak), baita bere iraupena faboratzen duen azal gogorra ere.

Kuiaren mamia oso preziatua da ur asko eta kaloria gutxi izateagatik (26 bat kcal 100 g-ko). Bestalde, bitamina kantitate handia dauka (batik bat A eta C motakoak, folatoak eta B motakoak), baita funtsezko mineralak (potasio, fosforo eta magnesioa), karbono-hidratoak (5 g) eta zuntza (1 g) ere.

Kuia: kanpotik itsusia, barrutik biziki ona

Antioxidatzailea da: B bitaminak zelulen metabolismo egokiari laguntzen dio.

Inmunitate-sistema sendotzen du: mineralen eta E eta C bitaminen konbinazioak gripeak eta katarroak sahiesten laguntzen du.

Sistema kardiobaskularra babesten du: arteria-hipertentsioa eta kolesterola murrizten ditu.

Digestio aparatua zaintzen du: digestioari laguntzen dio (gastritis eta ultzera gastroduodenalen kasuan gomendagarria da) eta bere zuntzak idorreria sahiesten du.

Begitako eta azaleko osasunari mesede egiten dio: karoteno eta A bitamina ugariak begitako gaixotasunak sahiesten laguntzen du.

Gernu-aparatuari laguntzen dio: zistitisa, giltzurruneko harriak, likidoen erretentzioa edo giltzurruneko gutxiegitasuna sahiesten ditu.

Azala zaindu eta beltzaran-kolorea iraunarazten laguntzen du: A eta C bitaminak azala egoera onean mantentzen du eta melanina areagotzen du (beste hainbat barazki laranjek edo oriek bezala).

Muskuluen aktibitateari laguntzen dio (potasioa).

Hezur eta hortzak sendotzen ditu (fosfora, magnesioa, etab.).

Erabilera anitzeko barazkia sukaldean

Kuiak makina bat erabilera dauzka sukaldean: krema, pure, entsalada, garnizio, pastel, konfitura, ogi, etab.; eta era askotako kozinatuak onartzen ditu, gozoak zein gaziak: labean, lurrunetan, egosia, salteatua, frijitua, gainerrea, etab. Hori bai, ez da komeni gehiegi egostea (20 minutu gehienez) nutrienteak gordetze aldera.

Errezetarik errazena eta azkarrena; kuia krema gozo-gozoa (kuia, azenarioa, porrua, patata, olioa, ura eta gatza). Kuiarekin barazki salteatu gozo eta osasungarriak egiten ere saia zaitezke, edo zerbait berrirekin ausartzen bazara, kuia hummusa proba dezakezu (kuia erre txitxirio edota babarrun zuriekin batera, ondo onduak, eta birrindu orea lortu arte).

Beste aukera bat kuia-fondue zaporetsua egitea da (kuia kremari gurina, esne-gain likidoa eta Mantxako gazta gaineratuz). Baina aukeratu beharko bagenu, zerbait landuagoa gomendatzen dizugu: kuia plantxan parmesano eta almendra ozpin-olioarekin edo arroz eta roquefort krematsua kuiarekin, apartak!