Arrain bakoitzak –frutek, barazkiek eta ortuariek bezala– badituzte hilabete jakin batzuk, noiz haien zaporea eta ezaugarriak are hobeak diren. Kasu batzuetan, urteko hilabete gutxi batzuetan bakarrik eskura ditzakegu, edo harrapa daitezke.

Ez da hori sardinaren kasua, urte guztian zehar aurki baitaiteke, bai sardina freskoa, bai kontserban, nahiz eta udako hilabeteetan –ekainetik irailera– diren egokienak, erabilera anitzeko arrain urdin bikain honetaz bete-betean gozatzeko.

Sasoi honetan metatzen dute koipe-kopuru handiena, eta horrek bere zapore bikaina nabarmentzen du. Hain zuzen ere, ohikoak izaten dira sardina-janak Kantauriko eta Mediterraneoko kostaldeko herri askotako ospakizunetan, Costa del Sol inguruko espeto edo burruntzi ezagunak ahaztu gabe.

Sardinek, gainerako arrain urdinek bezala, Omega 3 gantz-azido kopuru handia dute, bai eta balio biologiko handiko proteinak ere (25 gramo 100 gramo bakoitzeko). Hain zuzen ere, sardina-errazio batek (150 bat gramo) Nutrizioaren Espainiako Fundazioak (FEN) gomendatutako eguneko nutrizio-helburuen % 100 betetzen du, eta elikagai ona da bihotza zaintzeko eta diabetesari aurre egiteko.

Mineral asko ditu, gainera, sardinak, batez ere fosforoa, selenioa, iodoa, burdina eta magnesioa. B taldeko bitaminak ditu –hala nola B12, B6 eta niazina–, eta E eta D bitamina lipodisolbagarri kopuru nabarmenak, kaltzioa absorbatzen laguntzen dutenak.

Zentzu horretan, latako sardinek kaltzio kopuru handia dute (300 bat miligramo 100 gramo bakoitzeko, hezur eta guzti jaten baitira. Halaber, gomendagarriak dira haurdunaldian eta edoskitze-garaian, baita haurrentzako dietetan ere, nutrizio-balio handikoak baitira.

Sardina edo antxoa?

Antzerakoak diren eta ezaugarri berdin asko dituzten arren –biak baitira arrain urdinak–, sardinak (Sardina pilchardus) eta antxoak (Engraulis encrasicolus) bi espezie ezberdin dira.

Antzerako kolorea eta tamaina dituzte. Bien arteko aldeei dagokienez, ahoan aurkitzen dugu alde fisiko nagusia: antxoak aho zabal eta luzanga du; sardinak, berriz, txikia eta motza. Halaber, sardinak sabelalde handiagoa du, antxoa lirainagoa da.

Sardina zein antxoa aukeratu, uda da arrain hauen sasoia, eta aprobetxatu egin behar dugu asteko menuan sarriago sartzeko. Gogora ezazu astean hiruzpalau errazio arrain kontsumitu behar dela; beraz, bi aukera on dira zure platerei aniztasuna emateko.

Nola prestatu

Oro har, prestaketa-mota berberak erabiltzen dira sardinak eta antxoak kozinatzeko. Frijitzea da ohikoena; zartagin batean, oliba-olio pixka batekin (oliba-olioa da frijitzeko beharrezko tenperatura ondoen jasaten duena) eta baratxuriarekin. Frijitzearen ondoriozko usaina murrizteko truku bat da limoi-azal zerrenda pare bat botatzea.

Plantxan, parrillan eta labean prestatzea da osasungarriena, baserriko ogiarekin eta baratxuri eta perrexil birrinduarekin aurkeztuta. Beste aukera batzuk dira papillot erara prestatzea, edo tortillan, arrozarekin edo entsaladan. Bi aukera proposatzen dizuegu guk: antxoak ozpinetan, eta sardinak tomatearekin; goxo-goxoak biak ere.

BM Supermerkatuetan, nahierara prestatzen dizugu arrain urdina, zuk kozinatu besterik egin behar ez ditzazun. Aurki itzazu antxoarik eta sardinarik onenak, zure BM Supermerkatuko arrandegian.