Hilabeterik hotzenetan bildu eta kontsumitzen diren arren –batez ere abenduan, Gabonak orduan ospatzen direlako–, oraindik txirla sasoian gaude; beraz, une aproposa da itsasoko lehengai bikain horretaz gozatzeko.

Orain dela gutxi aipatu genuen bezala, itsaskiak aukera ona dira gure dieta osatzeko, duten mantenugai-kontzentrazioari eta koipe-maila txikiari esker; beraz, oker gabiltza egun berezietan bakarrik jartzea gure mahaietan, eta pena bat gure gozamenerako.

Txirla handiak (Ruditapes decussatus) dira aurki ditzakegun itsasoko produktu onenetakoak. Barietaterik preziatuena da, duen zapore eta testura bikainagatik, naturalean zein kozinatuta kontsumi baitaitezke. Gainera, txirla mota horrek beste edozeinek baino luzaroago irauten du bizirik uretatik kanpo, eta hori asko baloratzen da merkatuetan.

BM Supermerkatuetan bertako ekoizleekin lan egiten dugu, gure arrandegietara  modu naturalean bildutako kalitate oneneko txirla freskoak eramateko. Artisau eran harrapatzen dira txirlak (itsasoan, eskuarez eta aitzurrez), eta itsaskilariaren eskutik ekoizlearen lokalera eramaten dira zuzenean, eta handik gure supermerkatuetara.

Horiek bai txirlak!

Txirla handien gutxieneko tamaina 2,5 cm-koa da, eta 6-7 cm izatera ere irits daitezke. Tamaina ertaineko 40 bat ale izaten ditu kiloak; txirlak tamaina handikoak baldin badira, berriz, kilo bakoitzeko 25 bat ale.

Elikagai oso elikagarria eta ia kaloriarik gabea da.  Itsaskien artean, koipe-maila txikienekoak dira: % 2 baino koipe-kopuru txikiagoa, eta 100 gramo bakoitzeko 50 bat kilokaloria; beraz, jaki ideala da kaloria gutxiko eta argaltzeko dietetarako.

Balio biologiko handiko proteina kopuru handia dute, baita mineralak ere, hala nola kaltzioa, potasioa, iodoa, magnesioa, sodioa, zinka, selenioa eta burdina (100 gramoko errazioak ematen digu eguneko gomendatutako kopuruaren erdia inguru). Bitaminei dagokienez, nabarmentzekoak dira A taldekoak (erretinola), B taldekoak (niazina) eta azido folikoa.

Kolesterol-ekarpen txikia ere egiten dute; horregatik, osasun kardiobaskularra zaintzeko aliatu bikainak dira. Hala ere, itsaski gehienak bezala, ez dira gomendagarriak odolean azido uriko maila handiak dituztenentzako.

Txirlak nola kozinatu

Eskuarki, errezeta tradizionaletarako erabiltzen ditugu, hala nola txirlak marinel erara prestatzeko edo zuzenean zartaginean kozinatzeko (baratxuri xehatu pixka batekin, pipermin batekin eta oliba-olio birjina estrarekin); baita beste plater batzuen luxuzko lagungarri gisa ere, besteak beste, arrainen lagungarri –legatza txirlekin–, lekaleen lagungarri –babak txirlekin– edo barazkiekinorburuak txirlekin–.

Itsaso-ohean lurperatuta egoten diren moluskuak izanik, prestatu aurretik txirlak ondo garbitzen jakin beharra dago, duten zapore guztiaz gozatzeko. Behin ondo garbitu ondoren, gozatzera!

BM Supermerkatuetan itsaskirik onena eta maila goreneko txirlak aurkituko dituzu.