Euria egunero parkeko beren unea behar duten seme-alaba oso biziak dituzten gurasoen etsairik handienetakoa da. Aholku batzuk emango dizkizugu, kanpora jolastera atera ez badira ere, gure ipurtarintxoek aingerutxoek bezala lo egin dezaten.

Haur txikiak dituzten gurasoek aterpeko planak egin behar izaten dituzte neguan. Euriak eta hotzak ez dute parkera edo plazara irteteko erakargarritasunik eskaintzen (putzuekin, aterkiekin eta anorakekin borrokan ibili nahi ez baduzu behintzat). Eta gure haur geldiezinek energia pixka bat erre dezaten estalitako parkeetara eta antzerako tokietara joan gaitezkeen arren, ez da beti horretarako aukerarik egoten (eta zergatik ez esan, beste batzuetan nahiago izaten dugu etxean gelditzea eta ez dugu irteteko batere gogorik izaten); beraz, ez da ideia txarra familiartean gozatzeko jarduerak antolatzea etxean.

Horixe da oporretan edo asteburuetan, txikiek denbora libre gehiago dutenean, sortzen zaigun dilema handienetako bat: Zer egin dezaket haurrak entretenitzeko? (…eta ez du balio tableta, mugikorra edo telebista erabiltzea, e). Oso erraza da erantzuna: erabil itzazu betiko jolasak!

Hutsik egiten ez duten jolasak: margotzea, irakurtzea, eskulanak egitea…

Zergatik ez eskaini denbora zure semeari edo alabari gustatzen zaiona pixka bat hobeto ezagutzeko? Nahikoa nagusiak baldin badira, hitz egin ezazu beraiekin, lagungarria izango baitzaizu beren beharrak eta mundua ikusteko duten modua deskubritzeko. Harritu egingo zaitu bizitzari buruz duten ikuspegiak!

Haurrei asko gustatzen zaie margotzea: pertsonaiak eta errealitateak sortzea estimulu indartsua da beren irudimenerako, eta beren psikomotrizitatea garatzen laguntzen du. Marrazten ari dena asmatzea (edo alderantziz) izan daiteke jolas bat. Eskuen eta oinen siluetak ere egin ditzakezu, edo hatzekin margotu… Hori bai, zipriztinetatik babestutako leku batean (presta zaitez dena goitik behera papereztatzeko!).

Beste aukera dibertigarri batzuk dira haurrentzako ipuinak edo liburuak irakurtzea; jolas tradizionaletan aritzea (Ikusi makusi, igarkizunak); eta eskulanak egitea, adibidez plastilina moldatzea edo collage-ak egitea aldizkari, egunkari edo katalogoetako irudiekin. Mugimenduen koordinazioa lantzeko jarduera ezin hobeak dira; gure irudimena da muga bakarra.

Barrea izango da beti zure aliaturik onena, jolas horien guztien plus osasungarria baita: aurpegiko eta sabelaldeko muskuluak lantzen ditu, tentsioak askatzen ditu, bihotza indartu, arteria-presioa murrizten du, birikak eta burmuina oxigenatzen ditu… Denak egiten du hobera barre egiteari esker!

Jolastea eta gorputz-ariketak egitea

Mugiaraz itzazu haurrak, lo seko egin dezaten! Egin dezatela gimnasia edo ariketak etxean, baina jolas gisa planteatuta: Musikaren erritmora dantza egitea, harrapaketan jolastea (kardioa lantzeko), pilota bata besteari pasatzea (besoak lantzeko, baina… kontuz amonaren pitxerrarekin!) edo oinarrizko yoga-ariketa batzuk edo luzatze-ariketak egitea (erlaxatzeko aukera ezin hobea) izan daitezke aukeretako batzuk.

Hona hemen jolas dibertigarri bat: puztu kolore ezberdinetako hiruzpalau puxika, esleitu kolore bana haur bakoitzari, jaurti puxikak eta lurra ukitzen ez uztea. Koordinazioa lantzen laguntzen du, baita gorputzeko muskulu ugari ere.

Bete-betean sukaldari

Haurrekin sukaldean aritzea oso dibertigarria izan daiteke. Aukera ezazu errezeta erraz samar bat, eta utz iezaiezu irinez zikin-zikin egiten (irudizko adieran). Janaria prestatzea ikastea da: erantzukizuna, lankidetza eta dieta orekatua dira sukaldean ikas ditzaketen balioetako batzuk.

Sormen handia izan dezakete haurrek sukaldean (baina ez iezaiezu utzi plater guztietan txokolatea sartzen!), eta espazio horretan, frutak eta barazkiak oinarri dituzten errezeta osasungarriak ikasten has daitezke: hasteko, zergatik ez duzu azken-bururako fruta-broxeta bat prestatzen? Aurrerago, barazki-purea nola egiten den edo entsalada bat prestatzen zer osagai erabil dezakeen (bururatzen zaizun ia edozein jaki) azal diezaiokezu.

Familian dibertitzeko etxean egin daitezkeen jolas eta jarduera ugarietako batzuk besterik ez dira hona ekarri ditugun hauek. Zein egingo dituzu zure familiarekin? Ba al duzu sekreturen bat, zure seme-alabei arratsaldea berehala batean pasatzeko? Konta iezaguzu!