Guraso asko etengabe kezkatuta egoten dira beren seme-alaben elikaduragatik –batez ere haurraren lehenengo hiru urteetan–, haurrek jan behar duela uste duten kopuruagatik, elikagai berriak jaten has daitezen nahi dutelako edo jateko duten erritmoagatik.

Teoria ezberdinak daude, baina pediatra eta nutrizionisten artean babes handiena duen teoriaren arabera, inoiz ez da haurra jatera behartu behar. Izan ere, kalterako izan daiteke behartzea, nahi duguna haurrak jatea baita, eta modu osasungarrian egitea, eta hori ez da lortzen presio bidez, ezta haurra sarituz edo zigortuz ere.

Ondo jan dezaten dugun kezkak bultzatuta, ohiko hutsegiteak egiten ditugu gurasook:

Indarrez jatera behartzea ez da eraginkorra: umeak janari jakin batzuk jaterik nahi ez badu –barazkiak, esaterako– eta behartu egiten badugu, zaila izango da berak bere kasa aukera ditzan.

Behartzen baditugu, umeek janariarekin duten harremana nahasten dugu: behartuta jaten duen umeak ez du esperientziaz gozatzen, eta negatiboa den zerbait bezala ikusten du jatordua.

Eroskeria edo sariak erabiltzen dituzte guraso askok, haurrek jan dezaten lortzeko. Ez saririk, ez zigorrik!

Platerkada osoa amaitzera behartzea: berehalako errefusa sortarazten du. Hutsegitea da!

Ez zara mahaitik jaikiko dena amaitu arte” edo “Jaten ez baduzu, ospitalera eraman beharko zaitut jaten eman diezazuten” edo “Jaten ez baduzu, triste jarriko naiz”; era horretako esaldiak manipulazio emozionala dira, eta lortzen den bakarra da janariari beldurra hartzea.

Gogora ezazu imitazioz ikasten dutela haurrek: zuk fruta eta barazkiak jaten badituzu, beraiek ere nahiko dituzte. Izan zaitez eredu!

Heldu baten kopuru berberak jatera behartzea: umeak berak erabaki behar du bere gorputzerako elikagai kopuru egokia. Ardura zaitez kalitateaz, ez kantitateaz!

Izan dadila familiarteko unea: denok elkarrekin jaten saiatu behar gara, telebistarik eta tabletarik gabe, eta jaten dutenaz obsesionatu gabe. Une emozionala izan behar da, gure arteko lotura sortuko duena.

Normala da gurasook gure seme-alaben elikaduraz arduratzea: fruta gutxi jaten duela, ez duela behar adina esne hartzen, modu osasungarriagoan jan dezan nahi dugula…

Egokiena da gurasook dieta osasungarria izatea eta jatordua ez dadila obsesio bihurtu. Gogoratu: jatera behartzea ez da jaten irakastea.