Txirrindularitza da zure seme-alabek egin dezaketen kirol- eta jolas-jarduera osoenetako bat: ba al dakizu modu seguruan ibiltzen diren bizikletan? Jarrai itzazu urrats hauek zalantzarik ez izateko!

Txikiek jaso ditzaketen opari guztien artean, litekeena da ilusiorik handiena egiten dienetako bat jasotzea: bizikleta bat. Zer nolako askatasun sentsazioa sentitzen dugun lehen aldiz bizikletan ibiltzen garenean! Baina erantzukizuna ere bada. Horregatik, komenigarria da zure seme-alabek aholku batzuk kontuan har ditzaten arduratzea, bizikleta-paseoa esperientzia dibertigarria, osasungarria eta segurua izan dadin.

Pentsatu buruarekin; eta babestu ezazu!

Txirrindularitzako arau nagusia da, eta haurren kasuan, nahitaezkoa: 16 urte arte, derrigorrezkoa da bizikletan ibiltzeko kaskoa erabiltzea, hiri barruan zein kanpoan. Gakoak: bere tamainakoa izatea, arina, ondo aireztatua, janzteko erraza  eta utz diezaiola haurrari ondo ikusten eta entzuten (100° inguruko ikuspen-angelua horizontalean eta 40°-koa bertikalean).

Bizikletak jostailutzat jotzen direnean (435 mm-ko gehienezko altuera duen jarlekudun trizikloak edo haur-bizikletak) eta parketan edo antzerako tokietan erabiltzen direnean bakarrik da gomendagarria kaskoa erabiltzea; gainerako kasuetan, derrigorrezkoa da. Hala ere, datu batek esan dezakegun guztiak baino gehiago balio duen arren, horra hor datua: hainbat azterlanen arabera, kaskoa erabiltzeak % 60 eta % 80 artean murrizten du lesioren bat izateko arriskua. Ez dago beste ezer gaineratu beharrik!

Ez ahaztu ukondoak eta belaunak ere

Ahaztu egiten ditugu gorputz-atalok, eta horiek ere sufritzen dute erorketetan, beste atal batzuek baino gehiago beharbada: ukondoetan eta belaunetan jasotzen ditugu kolpe gehienak, instintuaren eraginez, aurrena horiek jartzeko joera baitugu.

Oso gomendagarria da atalok babesteko segurtasuneko osagarriak erabiltzea, batez ere laguntza-gurpiltxorik gabe lehenengo pedalkadak ematen ari diren txikien kasuan eta, gutxienez, egonkortasun pixka bat lortzen duten bitartean. Janzki erosoak izan behar dira ahal den neurrian, bestela kendu egingo dituzte.

Eskularruak ere ez daude soberan

Alferrikakoak direla pentsa genezake, baina ohiko txirrindulariek badakite eskularruak oso erabilgarriak eta ezinbestekoak direla eskuak babesteko eta zauriak edo urradurak saihesteko. Erorketaren bat izaten badugu ere balioko digute, bizikletaren heldulekuekin minik ez hartzeko (gomazkoak izan arren, denborarekin esku-ahurrak urratzen dituzte).

Arropa egokia

Haurren arropa inguruabarretara egokitu behar da, eta kirola egiteko egokia izan behar da: ez oso nasaia, inora krokatu ez dadin; kolore bizietakoa, arreta emateko (eta bistatik ez galtzeko); eta, jakina, freskoa udan eta berogarria neguan (bai, hotz egiten duenean ere irten gaitezke bizikletan ibiltzera!).

Hobeto mendialdean

Esan beharrik ere ez dago errepideak eta kaleak ez direla gunerik egokienak txirrindulari txikientzako (helduentzako ere, ezin esango dugu oso eremu atseginak direnik). Zalantzarik gabe, burdinbide berdeak eta bizikletentzako natura-bideak dira txikiek bizikletaz segurtasun handienarekin erabat gozatzeko lekurik egokienak. Ez dugu trafikorik izango eta, gainera, aire garbiaz eta naturak duen deskonektatzeko botereaz gozatuko dugu.

Aldizka hidratatzea eta elikatzea

Gure haurrak edozein kirol egiten ari direla ere, sarri edan dezan saiatu behar dugu, deshidratazioa saihesteko. Har ezazu kontuan 2 eta 8 urte bitarteko haur batek, oro har, 1,3 eta 1,6 litro artean edan dezakeela egunean, EFSA erakundearen arabera.

Jarduera fisikoko baldintzetan, haur bakoitzaren eta bere beharren araberakoa izango da likido eta elikagai kopurua. Saihestu egin behar dira freskagarri edo edari karbonatatuak; egokiagoak dira zuku naturalak eta ura. Elikagaiei dagokienez, digestio errazekoak diren eta asimilazio geldoko karbohidrato asko dituzten jakiak aukeratzea komeni da: bananak, edateko jogurtak eta fruitu lehorrak, adibidez.