Hondartzan, berriz, hondarrarekin jolastea da haurrentzako jolasik gogokoena. Ez da jostailu askorik behar. Nahikoa izango dira kubo bat, eskuare bat edo pala bat haien irudimena askatzeko. Hondarrak jolasteko eta eraikitzeko milaka aukera ematen baitie: gazteluak, dorreak, tartak, zuloak, eraikinak… egin ditzakete. Ziurtatuta dago dibertsioa!

Hondarrarekin jolasteak ematen dien gozamenaz gain, onura asko ditu ikasteko, batez ere haien bizitzako lehenengo urteetan. Oraintxe kontatuko dizkizugu!

Sentsoriala.  Hondarra da dauden material sentsorialenetako bat, eta ukimena ondoen garatzen dutenetako bat. Asko gozatzen dute hondarra ukitzen zein hatz artetik erortzen uzten; benetako gozamena da haurrak jolas horietan ikustea.

Sormena. Etxeak, labirintoak, gazteluak, bideak, kobazuloak, errekak… eraikitzen dituzte. Eta hori haien irudimena garatzeko modu benetan dibertigarria da. Benetako artistak dira, garaje bat, kotxe-zirkuitu bat zein gaztelu ikusgarri bat eraikitzeko gai dira.

Joko sinbolikoa. Behin gaztelua, zirkuitua edo pasabidea egin ondoren, maskorrak kotxe, makilatxoak zuhaitz eta harriak pertsona bihurtzen dituzte haurrek. Joko sinbolikoa esperimentatzeko modu erraza eta erabilgarria, inguratzen dituen mundua ulertzen laguntzen diena.

Psikomotrizitate fina. Palak, eskuareak edo kuboak erabiltzeak zehaztasuna eta beraien hatz eta eskuen kontrola garatzen laguntzen die. Eta zein hondartza baino leku hoberik hori ikasteko?

Psikomotrizitate lodia. Esertzea, jaikitzea, hondarrez betetako kuboa hartzea, makurtzea, jauzi egitea, uretara korrika joatea kuboa betetzeko… Jarduera horiek guztiek haurraren motor-aparatua indartzen du, eta haren muskulu- eta hezur-sistema aktibatu. Hondarretan, gainera, ez dute minik hartzen erorita ere!

Era horretako taldeko jolasek taldean jolasten, partekatzen eta lagunak egiten ikasteko balio dute. Eta hori funtsezkoa da haien nortasuna osatzeko.

Beraien trebetasuna eta irudimena besterik ez dute behar dibertitzeko eta jolastuz ikasteko. Gainera, hondartzan familiartean igarotako une horiek ahaztezinak dira, irribarrez eta dibertsioz betetako uneak, lotura emozionalak indartzen dituztenak. Irudimena garatzeko jarduera perfektua, eta gurasoei haien seme-alabengandik balio batzuk ikasteko balio diena: Pazientzia handiagoa izaten, haurragoak eta lagunkoiagoak izaten, eta umore sena izaten.  Uda honetan goza dezazuela familiarteko une bikain horiez!