Umeen elikadura familien kezkarik handienetakoa da. Eta kontua are zailagoa izaten da eskolaz kanpoko jarduerak dituztenean; etxetik kanpo askaltzeko zerbait eman behar zaie, eta saihetsi egin nahi izaten ditugu opil industrialak edo snackak, ez baitira oso osasungarriak.

Tuperrak aukera ona dira gure haurrek pilak kargatzeko ‘benetako janaria’ eraman dezaten, baina ez dira beti erosoak izaten etengabeko mugimenduan dauden izakitxo horientzako. Askari elikagarri eta zaporetsuen lau ideia emango dizkizuegu, haurrek txintik atera gabe jango dituztenak, eta zakote-ontzi baten aurrean eseri beharrik izan gabe:

Betiko ogitartekoaren bertsio hobetua

Ogi zuriz eta hestebetez prestatutako ogitartekoak jan izan dituzte hamarraldi askotan milioika umek, eskolatik irten ondoren indarrak berreskuratzeko. Opila edo litxarkeria-poltsa ogitarteko horiek baino aukera eskasagoa diren arren, gaur egun badakigu hobetu daitekeela… Merezi du benetako ogi integrala –hau da, osagai nagusia irin integrala duena– aukeratzea eta, ahal dela, ore amaz egindakoa. Are, etxean ere egin dezakegu umeek eurek lagunduta, eta irin ezberdinekin esperimentatu dezakegu: artobeltza, espelta, gaztaina, kokoa…

Ogitartekoan sartzeko ‘ohiko’ jakiei dagokienez, gazta edo urdaiazpikoa noizean behingo aukerak izan daitezke barietate ‘errealak’ aukeratzen baditug‘; hau da, hartzitutako gazta –eta ez horren ordezko industrialak– edo benetako urdaiazpiko ondua –eta ez haragi hondarrez, fekulaz, urez eta gehigarriz berreraikitako hestebeteak–. Ogiari tomate-saltsa edo oliba-olio ukitu bat emanda, are urtsuagoa egongo da.

Egun ‘gozoagoetarako’, berriz, etxean egindako kakao-krema presta dezakegu. Modu errazean presta dezakegu krema goxo bat: birrindu banana heldu bat, hur batzuk eta kakao-hauts pixka bat. Beste errezeta batzuetan, ore koipetsu bat bihurtu arte –dituen koipe asegabe goxo eta osasungarriei esker– ehotzen dira hurrak, eta gero kakaoa eta azukrea gehitzen zaizkio ore horri; kasu honetan, baina, hurren kostuak aurrekontu handiagoa eskatzen du, eta azukreak puntuak kentzen dizkio, osasungarritasunari dagokionez.

‘Made at home’ gel energetikoa

Etxeko konpotak egitea izan daiteke gehiegi helduta dugun fruta aprobetxatzeko modu osasungarria eta goxoa, eta aurreztu egingo dugu, gainera. Oro har, fruta su motelean egosita eta maiz mugituta, konpota edo pure gozo samarrak lortuko ditugu, azukre gehiago gehitu behar izan gabe; irabiagailuarekin eman diezaiokegu azken birrindua. Agortezinak dira zapore aukerak: familia guztiak erabil dezake bere irudimena nahasketa berriak asmatzeko.

Haurrek etxetik kanpo eraman eta jan ditzaten, silikonazko pitadun kantinplora txiki batzuk egoten dira salgai, garbitzeko eta berrerabiltzeko errazak direnak. Fruta osorik jatea hobe den arren, aldaera hau pixka bat galtzen hasitako fruta aprobetxatzeko eta fruta beste modu batera kontsumitzeko era dibertigarria izan daiteke noizbehinka.

Fruitu lehor poltsatxoa…

Askaria poltsikoan modu erosoan eraman dezaten nahi badugu, zipdun poltsatxoak ideia osasungarri eta goxo asko sartzeko unibertso txiki egokia dira. Aukerarik estimatuenetakoa fruitu lehor nahasketa bat izango da, ziur aski; eta hobe etxean prestatzen badugu, frijitu gabeko eta gatzik gabeko hainbat fruitu lehor mota erabilita. Aparteko ukitu bat emateko, txokolate beltz zatitxoak –etxean txikitu dezakegu laban baten laguntzaz–, fruta lehorrak –mahaspasak, orejoiak, ahabi lehorrak– edo gero eta ohikoagoak diren fruta deshidratatuak bota diezaiokegu: banana, sagarra, anana, mangoa…

Etxean ere egin ditzakegu: zuritu eta moztu itzazu xafla oso mehetan bi sagar; jar itzazu elkarrengandik bananduta labeko paperdun sareta baten gainean; berotu tenperatura oso baxuan (50-55 ºC). Eman buelta 20 edo 30 minuturo.  Hainbat ordu behar du prozesu horrek; izan ezazu pazientzia.

Benetako janariarekin egindako barra energetikoa

Barra kurruskari industrialak jan ordez –azukre eta bestelako gehigarri gehiegi izaten dute askotan–, zer iruditzen zaizue zeuon barratxoak egitea? Erraza, azkarra eta dibertigarria da, eta haurrek ere har dezakete parte: jakiak birrintzeko ontzi batean, bota itzazu hezurrik gabeko datilak edo beste fruta ‘pasa’ batzuk, eta birrindu indarrez ore sendo eta itsaskor bat eratu arte; ondoren, gehitu nahieran txikitutako fruitu lehorrak eta, beharbada, kakao-hauts purua. Ore oso sendoa lortuko duzu, plastilinaren antzekoa, eta zanpatu, moldeatu eta barratxo formaz moztu ahal izango duzu. Bil ezazu film garden batean, eta poltsikoko erregai osasungarri eta sendoa izango duzu.

Trufak edo kakao ‘bit’ak

Aurrez azaldutako barratxoentzako erabili dugun oinarri bera beharko dugu: hezurrik gabeko datilak, mahaspasak, orejoiak edo antzerako beste fruta batzuk, birrinduta, ore sendo bat lortu arte. Txikitutako fruitu lehor batzuk gehituko dizkiogu ore horri, arbendolak edo hurrak, esaterako. Jarraian, koilara batekin zatitxoak hartu eta, esku hezeekin, bolatxo forma emango diegu. Azkenik, kakao-hautsetan pasa ditzakegu trufa ‘healthy’ edo osasungarri bat egiteko; baita birrindutako kokotan, arbendolatan edo hurretan ere. Banan banan bil ditzakegu film gardenaz, edo zipdun poltsatxo batean sar ditzakegu hainbat bolatxo.