Zainduz Bizi Haurrak kanpainaren lehenengo fase hau amaitzeko, elikadurarekin lotutako 10 mito faltsu desmuntatuko ditugu, ez diezazkiegun gure haurrei transmititu. Izan ere, produktu gehiago eta sasoian sasoikoak jaten eta erosketa ondo planifikatzen erakutsi ondoren –oinarrizko ekintzak dira horiek bizimodu osasungarriagoa izateko, erregularki ariketa fisikoa egitearekin konbinatzen baditugu–, ez ditugu sinesmen horiek mantendu behar mahaiaren bueltan esertzen garenean.

Otorduetan ura edateak gizendu egiten du

Gezurra: ura kaloriarik gabeko elementua da; ez du ez gizentzen ez argaltzen. Hain zuzen ere, mantenugaiak asimilatzen laguntzen du urak, eta efektu asegarria du, otorduak baino lehen pare bat edalontzi ur edanez gero.

Azken-burukoan fruta jateak gizendu egiten du

Gezurra: frutak kaloria kopuru bera ematen digu, noiz jaten den gorabehera.

Jakiek gaixotasunak sendatzen dituzte

Gezurra: jakiek gaitz jakin batzuk prebeni ditzakete –edo, are, sintoma batzuk arindu ditzakete–, baina inola ere ez dituzte sendatzen, ez dute ahalmen terapeutikorik.

Light jakiek argaltzeko balio dute

Gezurra: light hitzak esan nahi du jatorrizko elikagaiaren osagaietako batzuk % 30 murriztu direla (normalean azukreak edo koipeak).

Produktu integralek kaloria gutxiago dute

Gezurra: elikagai integralek besteek adina kaloria kopuru dute, baina zuntz kopuru handiagoa.

Karbohidratoak eta proteinak nahasteak gizendu egiten du

Gezurra: sinesmen hori da oinarri zientifikorik gabeko dieten muina. Elikagaiak mantenugaien nahasketa bat dira (hidratoak, proteinak, koipeak, etab.). Lekaleek, esnekiek eta fruitu lehorrek, esaterako, hidratoak, proteinak eta koipeak dituzte proportzio ezberdinetan, eta gorputza era berean digeritzeko prestatuta dago. Hain zuzen ere, elementu horiek dituen jaki batek digestioaren abiadura murriztuko du eta, era horretan, beranduago agertuko zaigu jateko gogoa.

Ogiak gizendu egiten du

Gezurra: Ogiak, irinezko gainerako produktuek bezala (pasta, zerealak, etab.) karbohidrato ugari du. Ogiaren kaloria-boterea handitzen dutenak ogiarekin batera jaten ditugun saltsak, kremak, hestebeteak eta abar izaten dira.

Fruta garratzek argaldu egiten dute

Gezurra: ez dago berez besteek baino gehiago argaltzen duen elikagairik. Koipea erretzeko kaloria kopurua jaitsi behar da (hemen bai, hemen eragina du jaki motak) eta ariketa fisiko gehiago egin.

Letxugak likido-erretentzioa eragiten du

Gezurra: letxugak ez du likido-erretentziorik eragiten, eta ez du gizentzen gauez janez gero. Are gehiago, % 98-99 ura da, beraz, diuretiko oso ona da eta 12 kilokaloria bakarrik du 100 gramo bakoitzeko.

Ez da platanorik eta marrubirik jan behar dieta hipokaloriko batean

Gezurra: Platano batek sagar handi baten kaloria kopuru antzerakoa du. Halaber, marrubiek ez dute koiperik. Arazoa horiekin batera jaten ditugunek sortzen dute, esnegainak, azukreak, txokolateak… Hobe da fruta bakarrik jatea edo zuku edo jogurt naturalaz ontzea.