Seme-alaben elikadura gurasoak asko kezkatzen dituen kontua da, haurrak jaiotzen diren unetik bertatik, edoskitzea naturala zein artifiziala izan, baina batez ere, beren lehenengo jaki solidoak jaten hasten direnean: “Noiz hasi behar du jaki solidoak jaten? Nahikoa jango al du? Haurtxoak berak eraman beharko lituzke janariak ahora?” Guraso askok beren buruari egiten dizkieten galderatako batzuk dira. Haurtxoak sei hilabete dituenean janari solidoak zati txikitan sartzea erabakitzen dute batzuek; beste batzuek, aldiz, haurtxoak 12 hilabete betetzen dituen arte itxoiten dute, are, zaharxeagoa den arte, kontrako eztarritik joan zaion beldur. Egia esan, haur bakoitza –eta guraso bakoitza– mundu bat da.

Oro har, pediatraren aholkuei jarraiki elikatzen dituzte beren haurtxoak gurasoek –normalean, fruta- eta barazki-pureak–, baina azkeneko urteotan boladan jarri da koilararen ordezko beste metodo bat: Baby-led Weaning (BLW) metodoa, hain zuzen ere; haurtxoak berak zuzendutako elikaduran oinarritzen da, eta haurtxoak berak eskuekin jakiak manipulatzea eta ahoratzea ahalbidetzen du.

Oinarrian, sistema honetan haurtxoa bera da bakarrik jaten ikasten duena; eta metodo hori erabili nahi duenak pediatrarekin kontsultatu behar du, hark gida dezan.

Nola jakin dezaket nire umea BLW metodorako prest dagoen

Lehenik eta behin, haurtxoa bere gorputzari eserita tente eusteko gai dela ziurtatu behar dugu (alboetara edo aurrerantz erori gabe), orofaringeko muskuluak helduta dauden eta behar bezala mastekatzeko eta irensteko gai den seinale baita. Kontuan izan beharreko beste alderdi bat da haurtxoak estrusio-erreflexurik ez izatea; hau da, mingaina ateratzeko nahi gabeko keinua, janaria kanporarazten duena.

Ezinbestekoa da haurtxoak jakiekiko interesa agertzea ere, eta jan nahi duen (ahoa irekita) edo gogorik ez duen (ahoa itxita edo burua biratuta) adierazten jakitea. Eta, azkenik, eta hau da garrantzitsuena, inoiz ez duzu haurtxoa bakarrik utzi behar jaten ari denean; beti egon behar da helduren bat zaintzen.

Gomendatutako elikagaiak

BLW metodoa jarraitzeko elikagai osasungarriak gomendatzen dira, burdina-xurgapena indartzen dituzten jaki-taldeekin batera (haragiak, lekaleak, barazkiak…). Ez zaitez fruta eta barazkietara mugatu; horixe egiten dute guraso askok, janaria kontrako eztarritik joango zaien beldur.

Haurtxoei purean eman ohi zaizkien jaki guztiak eman diezazkiokezu: patata egosia, lekak, kuiatxoa, kuia, porrua, azenarioa… Baita beste jaki batzuk ere –hala nola gatzik gabeko ogia edo pasta–, baina betiere ondo kozinatuta eta biguna, irensterakoan arazorik izan ez dezan.

Gainera, oso garrantzitsua da jakiak banan-banan ematea, ahian pixkanaka sartzen zaienean bezala. Era horretan, jakiren batek erreakzio alergikoren bat eragiten dion antzemango dugu.

Nola prestatu

Funtsezkoa da erraz irensteko moduko jakiak izatea, bastoitxo formakoak, esaterako. Egoste-puntua ere oso garrantzitsua da: ez dadila eskuan desegin heltzerakoan, baina izan dadila hortzoiekin desegiteko gai, baldin eta oraindik batere hortzik ez baldin badu.

Baby-led Weaning metodoa aukeratzen baduzu, pazientzia izan beharko duzu, zure umetxoak dena zikindu eta gutxi jango baitu janaria ahoratzen ikasten duen arte; nolanahi ere, pixkanaka, kopuru handiagoak jango ditu. Bai horixe!