Haurtxoak sei hilabete dituenean, haurtxoaren digestio-aparatua helduta eta elikagai eta zapore berriak jasotzen hasteko prest dago dagoeneko. Hemendik aurrera, zure haurtxoari barazki-pure goxoak ematen has zaitezela gomendatuko dizu pediatrak.

Zein dira haurtxoen lehenengo pureetarako barazkirik egokienak? Patata, azenarioa eta porrua dira ohikoenak, digeritzeko errazak baitira, eta ez baitute zuntz askorik. Behin barazki horiek ondo toleratzen dituztenean, lekak, kuia eta kuiatxoa gehitu diezazkiokegu pureari. Garrantzitsua da modu progresiboan gehitzea, eragin ditzaketen alergiak kontrolatzeko eta haurtxoa zapore eta testura ezberdinetara ohitzen joan dadin; horixe gomendatzen du Espainiako Pediatria Elkarteak.

Nola kozinatu behar ditut nire haurtxoarentzako lehenengo pureak?

Oso erraza da! Zuritu eta garbi itzazu ondo barazkiak (adibidez, patata, porrua eta azenarioa). Funtsezkoa da barazki eta ortuari freskoak erabiltzea, beraz, ez itzazu denbora luzez eduki hozkailuan, dituzten ezaugarri nutritiboak manten ditzaten; garrantzitsua da ondo garbitzea ere, purea arintzeko erabiliko baitugu salda.

Zatitu itzazu, eta jarri egosten, gatzik gabe, biguntzen diren arte. Onena da presio-eltze batean egostea; izan ere, egosketa-denbora laburragoa denez, hobeto kontserbatzen dira jakien mantenugaiak. Batzuek nahiago izaten dute lurrunetan kozinatzea; era horretan ere ondo kontserbatzen dira mantenugaiak eta dohainak.

Behin barazkiak egosi ondoren, birrindu irabiagailuarekin, eta gehitu egosketako salda, pureak testura egokia izan dezan (ez oso lodia, ezta oso likidoa ere). Bota oliba-olio birjina estra pixka bat (ez oso intentsoa: 0,4 graduaziokoa), zerbitzatu aurretik.

Behin haurtxoak barazkiak ondo asimilatzen dituenean, eta kalterik ez diotela egiten egiaztatzen dugunean, proteinak gehitzen hasiko gara, hala nola oilaskoa, txahala, indioilarra edo untxia; ondoren, berriz, arrain zuria. Oraingoz, onar eta jan dezala ondo barazki-purea; pare bat hilabete barru hasiko da haragia eta arraina jaten.