Hazkuntza-prozesuan haurtxoek bizi izaten dituzten faseen artean dago motrizitate finaren garapena. Haurtxoei lan zehatzak –batez ere besoekin, eskuekin eta hatzekin– egitea ahalbideratzen dien motrizitatea da motrizitate fina, begi-eskuen koordinazio eta neurologiko berezia eskatzen duena.

Trebetasun hori garatzea oso garrantzitsua da ikaskuntzarako eta adimena garatzeko. Motrizitate finaren bitartez hasten dira haurtxoak ingurunea deskubritzen eta inguruan dituzten objektuekin esperimentatzen: objektuak manipulatzen, oratzen, jartzen, jaurtitzen, etab. Hazi ahala hobetzen dituzten jarduerak dira.

Psikomotrizitate fina bultzatzera eta perfekzionatzera bideratutako proposamen ugari dago, eta jolas modura planteatzen dira jarduera gehienak. Era horretan, dibertitzeaz gain, haurtxoek eskuak eta hatzak trebatzen dituzte eta, aldi berean, ikusmenaren eta eskuen arteko konexioa lantzen dute. Hauexek dira jarduera horietako batzuk:

Eskuekin jatea (Baby-Led Weaning)

Baby-Led Weaning delakoa eskuen trebetasuna estimulatzeko lanik onenetako bat da. Bere elikadura kudeatzen ikasteaz gain, matxarda mugimendua trebatzen du haurtxoak, hatz erakuslearekin eta hatz lodiarekin. Hazten joan ahala –eskuarki 12/18 hilabetetik aurrera–, bere koordinazioa hobetuko duten mahai-tresnak sartzen joan gaitezke.

Trazuak egitea

Nork ez du jolastu noizbait hatzarekin edo beste elementuren batekin hondarretan marrazkiak eginez? Bada, baduzu zure haurtxoei erakusteko ideia bikain bat! Nahikoa da mahai-gainean irin edo gatz pixka bat botatzea, eta baduzu Velazquezek edo Picassok nahiko luketen mihise bat.

Hatzekin margotzea

Margoez ari garelarik, jarduera dibertigarrienetako bat eta txikien sormena pizteko egokienetakoa dena hatzekin margotzea da. Lagun iezaiezu hasieran eta, gero, utzi esperimentatzen. Hori bai, presta zaitez labadora martxan jartzeko  J. Haurrentzako margo bereziak dauden arren, zeuk ere egin ditzakezu margoak etxean, irina, gatza, ura eta jakientzako koloratzaileak erabilita.

Plastilina manipulatzea

Ia haur guztiei gustatzen zaien jolas unibertsala da. Ikaragarri gustatzen zaie plastilina zanpatzea eta figura geometrikoak moldatzea. Nagusitxoagoak direnean, elementu zailagoak egin ditzakete: panpinatxoak, kotxeak, etxeak… Egin iezaiozu ‘modelo’ bat, eta kopia dezala… a zelako erronka! Bestela, buztina ere egin dezakezu etxean, sodio-bikarbonatoz, arto-irin finaz eta urez.

Puzzleak eta ahokatze-jolasak

Begi-eskuen arteko konexioa eta konexio neurologikoa sustatzen duten jostailu tradizional mordoa dago. Guk geuk ere fabrika ditzakegu horietako asko, hala nola zentzumenen edo “altxorren” saskiak edo figura geometrikoen puzzleak eta ahokadura-jolasak. Eraikuntzako blokeak ere interesgarriak dira, nahiz eta, egia esan, etxeko arriskurik gabeko edozein gauzak balio diezazuke motrizitate fina lantzeko: kaxak, matxardak, poteak, etab.

Mimika

Mimika da eskuen eta hatzen mugimenduak estimulatzeko beste aukera bat; hobe, gainera, abestuz egiten bada! Animalien mugimenduak (lehoia, katua, txoria…) edo ekintzenak (edalontzi bat hartzea, pianoa edo tronpeta jotzea, hatzekin zenbatzea…) imita ditzakezu. Jarri martxan irudimena!

Eta ezertxo ere falta ez dagizun, BM Supermerkatuetan aurki ditzakezu zure haurtxoa zaintzeko eta elikatzeko produkturik onenak.