Haurtxoentzat, gauza bera da jolastea eta ikastea: Mundua deskubritzeko eta beraien abildadeak probatzeko duten modua dira jolasak. Motrizitatea hobetzen eta koloreen, hizkuntzaren eta beste hainbat alderdiren lehenengo ideiak bereganatzen laguntzen die jolasteak.

Gaur egun ikasgeletan zein handik kanpo oso hedatuta dauden teknika pedagogikoak dira jolasetan oinarritutako ikaskuntza (game-based learning edo GBL ingelesez) eta gamifikazioa edo ludifikazioa. Ikaskuntza aktibo bat sustatzeko motibazioa, esperientziak edo elkarrekintza sustatzen dituzte baliabide horiek.

Horrela, bada, haurtxoaren garapen kognitiboa sustatzeko ariketa garrantzitsuak dira jolasak. Piezak mugitzea, dorreak eraikitzea, zerbait hartzera joateko katuka ibiltzea edo jostailuak jaurtitzea –eta guk behin eta berriz nola jasotzen ditugun ikustea– beraien indibidualtasuna eta ingurunea deskubritzeko, beraien buruarekiko konfiantza sendotzeko edo interakzio sozialak bultzatzeko (adibidez, jaurti duen objektua eskatzea) esperimentuak  dira.

Gainera, edozein une da egokia ikasteko: Bainu-ontzia ikasgela bikaina izan daiteke! Elikadurak ere badu bere garrantzia. Haurtxoari berak bakarrik jaten uzteak, esaterako, onura ugari ditu psikomotrizitaterako edo erabakiak hartzeko, besteak beste.

Haurtxoentzako jolasak

Eguneroko zereginetan integratzeaz gain, jolasek protagonismoa hartzen duten uneak sustatu behar ditugu; jolasok, jakina, hazkuntza-etapa ezberdinetara egokitutakoak. Hona hemen sei eta 24 hilabete bitarteko haurtxoentzako jolas edo jostailu batzuk:

Altxorren saskia: Esplorazioko jolasa da; testura eta forma ezberdinetako eguneroko objektuz beteko dugu saski bat: metalezko ontzitxoak, egurrezko koilarak edo kaikuak, oihalak, etab. Tamaina aproposekoak izan behar dira, ez ditzaten ahoan sartu eta min hartu.

Eraikuntzak: Egurrezko, plastikozko edo oihalezko pilagarriak edo ahokagarriak, eta marrazki deigarridun buru-hausgarri errazak (lau bat pieza). Eskuekin “eraikitzeko eta suntsitzeko” eta emaitzak behatzeko etapa da.

Musika-tresnak: Haurtxoentzako bateria edo xilofono txiki bat tresna onak dira kausa-efektu zentzua garatzeko: “kolore eta tamaina ezberdinetako piezak kolpatuz gero, ezberdina da soinua”.

Materialak: hala nola plastilina, hondarra, hatzekin margotzeko margoa, argizarizkoak… lagungarriak dira haurtxoak bere motrizitatea gara dezan (beti ere ondo zainduz haurtxoa).

Taka-takak: elementu erabilgarriak dira, lehenengo urratsetan konfiantza hartzeko eta ingurunea arakatzeko.