BM Supermerkatuetan beti defendatu izan dugu elikadura osasungarri eta naturala. Txikienen kasuan, elikadura egokia ohitura osasungarriak erakusteko eta haien osasuna zaintzeko modurik egokiena da.

Era horretan, Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako Edoskitzearen Mundu Astean, abuztuko lehenengo astean, haur jaioberriei bularra emateak dituen onurak nabarmendu nahi izan ditugu, ‘kanpoko munduarekin’ duten lehenengo kontaktua baita (azala azalaren kontra egitea gomendatzen da), eta bientzako baita jarduera oso osasungarria.

Edoskitzea da Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duen elikadura-metodoa: sei hilabetez edoskitzea bakarrik, haurtxoak bi urte edo gehiago dituen arte; baita Lehen Mailako Osasun-arretako Pediatria Elkarte Espainiarrak (AEPAP) ere. Ikerketa askok aztertu dituzte edoskitzeak haurtxoaren zein amaren osasunerako dituen onurak; horrela laburbil ditzakegu:

Ama-esneak haurtxoen hazkuntza egoki baterako beharrezko karbohidrato edo azukre, gantz-azido esentzial, proteina, aminoazido, mineral eta bitamina kopurua du.

Gaixotasunak (alergiak, infekzioak, arnas aparatuaren gaixotasunak, diabetesa, obesitatea, bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromea, etab.) prebenitzen dituzten antigorputzak ditu; bai eta jaioberrien digestio-prozesuari laguntzen dioten entzimak ere.

Ama-edoskitzea –haurtxoak urtebete baino gehiago duen arte luzatuta– epe luzera osasun hobea izatearekin ere lotu izan da; nabarmentzekoa da gehiegizko pisua edo obesitatea izateko joera murrizten dela.

Amentzako ere onuragarria da: bularreko minbizia, osteoporosia, obesitatea (bularra emateak 500 bat kilokaloria erretzen ditu egunean) eta bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua murrizten du.

Ama-esnea osatzeko

Ama guztiek, baina, ezin izaten diete beren haurtxoei bularra eman; batzuek, edoskitzea formula-esnez osatu beharra izaten dutelako eta, beste batzuek, beren haurtxoak elikatzeko bularra ez ematea eta formula-esnea ematea erabakitzen dutelako.

Nabarmendu behar da, edoskitzea naturala zein artifiziala izan, jaioberriaren elikadura ama zein haurtxoa eroso eta zoriontsu sentiarazten dituen unea izan behar dela.

Eraldatutako behi-esnearekin egiten dira haurtxoentzako esne prestatuak (hautsak edo kontzentratuak); ondo hazteko eta garatzeko beharrezko mantenugaiak eskaintzen dizkiote haurtxoari (Codex Alimentarius delakoak ezartzen du esneon osaera). Aurrerapen handiak egin diren arren, esne artifizial horiek ezin dute ama-esneak dituen ezaugarriak izan, batez ere babes immunologikoari dagokionez.

Gaur egun, haurtxoaren beharretara eta hazkuntza-etapatara egokitutako haurtxoentzako esne aukera zabala aurki daiteke: hasierakoak (1 erakoak; 0-6 hilabete); jarraipenekoak (2 erakoak; 6-12 hilabete); hazkuntzakoak (3 erakoak; 12 hilabetetik aurrera); kolikoen aurkakoak, berrahoratzearen aurkakoak, hipoalergenikoak, laktosarik gabeak…

Amaren eta haurtxoaren inguruabarren arabera aukeratu behar dira, baina beti gomendatzen da ama-edoskitzea lehenestea.