Umeei jaten emateko, primeran etortzen dira beti frutak, naturaren “litxarreriak”: errazak jateko eta noranahi eramateko, gozoak eta oso osasungarriak. Umeek elikagai solidoak probatzeko eta mastekatzen ikasteko modu bikaina dira, bai eta testura berriak probatzeko eta digestio-aparatua lanean jartzeko ere. Aditu askoren iritziz, umeei elikagaiak osorik eta erarik naturalenean ematea da onena, hau da, birrindu edo ahi bihurtu gabe, hartara propietate guztiak mantenduko baititu jakiak. Espezialista batzuek diotenez, jana horrela emanez gero hobeto garatzen dute umeek apetituaren eta asetasunaren pertzepzioa, eta horri garrantzizkoa da haurren obesitatearen prebentzioan. Baina familia askok nahiago izaten dute haurrei elikagaiak xehatuta ematen hasi, pure edo ahi gisara alegia. Aukera hori osagarri egoki-egokia izan daiteke haurrentzako zein helduentzako menu batean: postre, gosari edo askari freskagarria eta gozoa. Hona bost fruta-kremaren errezetak, gustagarriak eta egiten oso errazak, txikientzat eta hain txikiak ez direnentzat.

 

Sagar-eta kanela-krema

Osagaiak:

  • sagar bat
  • kanela pixka bat

 

Nola egin

  • Lurrunetan egosi sagar-zatiak, 10 minutuz.
  • Kanela pixka bat bota, eta xehatu.
  • Epel zerbitzatu.

 

Udare- eta txirimoia-krema

Osagaiak:

  • Udare bat
  • Txirimoia bat
  • Pare bat gaileta, etxekoen erakoak, ahal dela integralak eta azukrerik gabeak.

Nola egin:

  • Zatitu udarea
  • Erdibitu txirimoia, atera mamia eta kendu pipitak. Lan handia ematen du, berrogeita hamar pipita baino gehiago izan baititzake txirimoia batek.
  • Xehatu bi fruten mamia, eta jarri gaileta bat gainean.

 

Sagar-, meloi eta banilla-krema

Osagaiak:

  • Sagar bat
  • Cantalupo meloi baten laurdena
  • Banilla-leka bat, edo banilla-estraktu pixka bat

Nola egin:

  • Zatitu sagarra eta lurrunetan egosi, 8 minutuz.
  • Sagarra egosi bitartean, ireki luzetara banilla-leka eta atera mamia, aizto batez.
  • Zatitu meloia. Gehitu sagar egosiari meloi zatitua eta banilla-estraktua. Xehatu.

 

Banana- eta koko-natillak

Osagaiak:

  • Banana bat
  • Arrautza-gorringo bat
  • Baso-erdi bat koko-esne.
  • Maskabado azukre pìxka bat

Nola egin:

  • Xehatu osagai guztiak, eta bota beirazko flasko batera; eduki 10 minutuz maria bainuan.
  • Zerbitzatu aurretik, hozten utzi.

 

Mugurdi-, udare- eta banana-konpota

Osagaiak:

  • 100 g udare
  • 50 g banana
  • 75 g mugurdi

Nola egin:

  • Xehatu osagai guztiak, eta apaindu zenbait fruitu gorrirekin.