Gaur egun, bizitza-erritmo oso azeleratua eta konpromisoz betea dugu, eta horrek estres gehiago, loezina, antsietatea,… izatera eramaten gaitu. Hori ez gertatzeko eta gure ongizate fisikoa eta emozionala bermatzeko, erlaxatzen eta egunerokotasunari lasaitasunez aurre egiten ikasi behar dugu. Ezer baino lehen, kontuan izan behar duzu osasun ona izateko ondo elikatu behar zarela. Bazenekien zenbait elikagaik erlaxatzen laguntzen eta gogo-aldartean eragiten dutela?

Erlaxatzen eta estres-egoerei hobeto aurre egiten lagunduko dizuten propietateak dituzten elikagaien zerrenda proposatzen dizugu. Modu horretan, era naturalean, erlaxatuagoa sentitzeaz gain, bizimodu zoriontsua eta osasungarria izango duzu. Ez izan zalantzarik, eta hasi zure egunerokoan elikagai horiek sartzen!

Txokolate beltza

Plazer gozo hori kontsumitzeak erlaxatzen, antsietatea baretzen eta gure gogo-aldartea hobetzen laguntzen digu. Izan ere, txokolate beltza estresaren aurkako antidotorik ezagunenetarikoa eta eraginkorrenetarikoa da, polifenoletan dituen propietate erlaxagarriei esker.

Australian egindako entsegu baten arabera, dituen polifenolek lasaitasuna ematen dute. Azterketan hiru talde osatu zituzten: talde batek 500 mg polifenoleko kakao edaria hartu zuen egunero, bigarren taldeak soilik 250 mg hartu zituen, eta azkenak ez zuen batere hartu. Azterketa amaitzean, polifenol gehien hartu zituzten parte-hartzaileak lasaiago zeuden. Bitxia, ezta?

Espinakak

Txikitatik espinakak fisikoki indar handiagoa izatearekin lotu izan ditugu. Asko gogoratuko zarete marrazki bizidunetako Popeye pertsonaiaz. Marinel dibertigarriak bere giharrak une batean garatzen zituen barazki horretatik pixka bat jatean. Baina espinakek, energia eta muskulu-indarra emateaz gain, onura gehiago eskaintzen dituzte: A eta C bitaminek propietate antioxidatzaileak dituzte, B bitaminek umore ona eragiten dute eta magnesioak lasaitasuna errazten du.

Oloa

Eguna katilukada oloarekin hastea baino modu hoberik bada? Egun lasaiagoa izaten lagunduko dizu. Aldartea altxatzen duten karbohidratoak ditu, garunean serotonina ekoizten hasten baitira; hau da, “zoriontasunaren hormona” deitzen dena.

Omega 3an aberatsak diren arrainak

Bazenekien omega 3an aberatsak diren arrainek, hegaluzea eta izokina bezala,  estresari aurre egiten laguntzen dutela? Horrela egiaztatzen du Ohioko Unibertsitateko azterketa batek; hain zuzen ere, omega 3 modu erregularrean hartzeak eguneroko arazoen aurreko antsietate-maila gutxiagotzen duela ziurtatzen du.

Gainera, arrain honek onura ugari ditu: defentsak hobetzen ditu, triglizeridoen mailak murrizten ditu, bihotzaren funtzionamendua hobetzen du, eta ileari eta azalari bizitasun gehiago ematen laguntzen du. Ez izan zalantzarik: sartu arrain zaporetsu hau zure dietan!

Te berdea eta beltza

Estresaren kontrako aliatu ona da, erlaxatzen laguntzen du eta. Teinak –te berdeak duen aminoazidoa- antsietatea murriztu eta loak hartzen laguntzen du; te beltzak, berriz, erlaxatzen laguntzen du. Jakina, beste onura gehiago ere baditu, antioxidatzaile ugari izateagatik: defentsak hobetu eta erradikal askeen ekoizpena gutxitzen du.

Jogurta

Kaltzio-iturri nagusia izateaz gain, triptofanoa du –garunean serotonina gehitzen duen aminoazidoa-, eta efektu lasaigarria eragiten du. Jan jogurt bat goiz erdian!

Infusioak

Baleriana-infusioa ezagunena da duen efektu lasaigarriarengatik, baina kamamila, ezkia, pasio-lorea,… bezalako beste asko ere badira. Erlaxatzen laguntzeaz gain, estresa eta antsietatea murrizten dute. Ikusten duzun moduan, aukera ederra da lotara joan baino lehen hartzeko.