Bizitzaren oinarria da ura: ezinbesteko baliabidea gure organismoaren funtzionamendurako, eta funtsezko osagaia dieta osasungarri batean. Ur mineral naturalez hidratatzea beti da aukera osasungarria.

Bizimodu osasungarri baten agindu nagusia da behar bezala hidratatzea. Etengabe edan behar da ura gure organismoak behar bezala funtziona dezan: har ezazu kontuan gure gorputzaren % 60 ura dela, eta egunean bi litro ur inguru galtzen dugu; horrela, bada, galdutako ur hori birjarri behar dugu, deshidrataziorik izan ez dezagun.

Hain zuzen ere, batzuetan ez dugu kontuan hartzen etengabe edan beharra dugula, baina ez dugu egarria sentitu arte itxoin behar oinarrizko likidoa hartzeko: egarria da deshidratazioaren lehenengo sintoma! Gomendagarriena da botila txiki baten edukia (33cl.) bi orduz behin hartzea (orduko 80 cl. inguru likido onartzen baitu gehienez gure gorputzak), eta beti zurrupada txikitan eta giro-tenperaturan.

Gizakiok dugun eragozpenetako bat da –dromedarioek eta gameluek ez bezala, esaterako– ura gordetzeko gaitasunik ez izatea, ezta aipatu dugun ur-oreka hori mantentzeko gaitasunik ere; horregatik, ur-iturri bat izan behar dugu eskura.

Ur kopuru handia duten elikagaien bitartez ere ase ditzakegu gure likido-beharrak, baina, zalantzarik gabe, ura edatea da hidratatuta egoteko eta urak ematen dizkigun onura guztiez gozatzeko aukerarik egokiena:

  • Zelulen osasuna zaintzen du.
  • Mantenugaiak asimilatzen laguntzen du.
  • Hondakinak kanporatzen parte hartzen du.
  • Gorputzaren tenperatura erregulatzen du.
  • Metabolismoa aktibatzen du eta kaloriak erretzen ditu, etab.

Ur mineral naturala: etor zaitez nire albora!

Izan ezazu eskura ur mineral natural botila bat: gure supermerkatuetan aurki dezakezu elikadura-produktu hori (Espainian merkaturatzen den ontziratutako uraren % 96 da ur mineral naturala). Zalantzarik gabe, behar bezala hidratatuta egoteko aukera erabilgarri eta osasungarria da, edozein une eta lekutan goza baitezakezu ur horretaz, % 100 naturala da eta ez du batere kaloriarik.

Ur mota hori oso purua da eta bere osaera naturalean batere eraldaketarik jasan gabe iristen da gure supermerkatuetako apaletara; ura aurkitzen den ibai-deposituetan dauden konposatu mineralez aberastuta dago. Hau da: ez da esterilizatze-prozesurik egiten. Zuzenean iristen zaizu akuiferotik, jatorrizko ezaugarri berekin.  Horrek bereizten du ontziratutako beste uretatik, eta horregatik da produktu berezia.

Era horretan, organismoak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren oligoelementu eta mineral zehatzak eskaintzen dizkigu ur mineral naturalak: kaltzioa, magnesioa eta  fluorra, besteak beste. Gure herrialdeko merkatuan dauden marka gehienen urak mineral-eduki arinekoak edo oso arinekoak dira, OCUren esanetan. Hain zuzen ere, egokiak dira haurrentzako elikagaiak prestatzeko, bai eta dieta berezietarako ere, sodio gutxikoak kasu (litro bakoitzeko 20 mg baino gutxiago).