Uda iritsi den honetan, zure ileari bizitasun ukitu bat eman nahi diozu? Berotasunak, eguzkitan denbora gehiegi egoteak, etengabe xanpuak erabiltzeak, ilerako tindagaiek, kloroak, neguko estresak, lehorgailua eta plantxak erabiltzeak ilea deshidratatzen dute eta distira kentzen diote. Baina ez zaitez kezkatu, zure ilean osagai naturalak aplikatzen hasten zarenean, zure ilea elikatu egiten dela eta bizitasuna hartzen duela ikusiko duzu. Proba ezazu orain!

Produktu naturalak erabiltzea gomendatzen dizugu, zure ilea distiratsu eta osasungarri egon dadin. Oinarrizko produktu batzuk besterik ez dituzu behar, eta ziur badituzula etxean: olioa, eztia, arrautzak… Zure ilea mimatzeko etxean egiteko produktu batzuen berri emango dizugu:

Oliba-olioa. Astean bizpahiru aldiz aplikatuz gero, sakon elikatuko du zure adatsa; buruko ile-larruan zein ilean aplikatu behar da. Jarraian, bil ezazu adatsa aldez aurretik ur beroz bustitako toalla batekin, eta egon zaitez horrela bost minutuz. Errepika ezazu beste hiruzpalau aldiz, olioa ondo xurga dezan.

Eztia eta oliba-olioa. Nahas itzazu laurden bat katilu oliba-olio eta ezti koilarakada batzuk. Zabal ezazu nahasketa hori erdialdetik ile-puntatarantz, eta utzi horrela 15 bat minutuz, ilea garbitu aurretik. Ilearen luzearen araberakoa izango da olio eta ezti kopurua. Ilearen berezko hezetasuna mantentzen laguntzen dute osagai horiek.

Arrautzak. Irabia ezazu arrautza bat ur epelarekin, eta aplika ezazu nahasketa hori zure adatsean. Utzi bost minutuz. Jarraian, pasa ezazu ur epeletatik.

Arbendola-olioa eta eztia. Nahas itzazu bi koilarakada arbendola-olio eta ezti koilarakada bat, etxean egindako maskara bat lortzeko. Aplika ezazu maskara ilean (ez aplikatu buruko ile-larruan), eta utzi 15 bat minutuz. Jarraian, garbi ezazu ilea ohi duzun moduan. Adats lehorretarako da gomendagarria.

Eztia, sagar-ozpina eta jogurt naturala. Nahas itzazu koilarakada bat sagar-ozpin, hiru koilarakada jogurt natural eta beste koilarakada bat ezti. Aplika ezazu maskara adatsean, utzi 15 minutuz eta ondoren eragin uretan. Osagai horiek arazteko ahalmena dute eta distira eta bolumena ematen diote ileari; horregatik dira gomendagarriak ile koipetsuetarako. 

Aloe vera. Nahastu aloe landarearen zukua (hiru koilarakada) zure ile-moldatzailearekin, eta aplika ezazu ilean. Utzi 15 minutuz eta eragin uretan.

Ahuakatea eta banana. Nahastu ahuakate erdi eta banana erdi, eta txiki itzazu ore bat lortu arte. Aplika ezazu maskara hori ile bustian, utzi 15 bat minutuz eta eragin uretan.

Urtaro-aldaketa hau une egokia da zure ileari aparteko zainketa bat eskaintzeko. Ez al duzu uste? Produktu natural horiek sustraitik ile-puntetara aplikatuta, berezko distira berreskuratuko du zure ileak, eta zure buruko ile-larrua elikatuko duzu. Mima ezazu zure adatsa modu naturalean!