Jende askok aukeratzen du, gimnasiora joan ordez, bere kontura kirola egitea, etxean edo espazio publikotan. Horri dagokionez, lagungarriak dira teknologia berriak eta berrikuntza, gure mugikorrean erraz aurkitu ahal izango baititugu ariketa fisikoa egiten lagunduko diguten, erronka dibertigarrien bitartez motibatuko gaituzten eta, are, nutrizioari buruzko aholkuak emango dizkiguten aplikazioak. Eta gizarte hiper-konektatu batean gaudenez, nahi izanez gero, lagunekin partekatu ahal izango dituzu zure lorpenak, sare sozialen bitartez.

Nahi al duzu jakitea zein diren sasoi fisikoa hobetzeko edo jarduera osasungarriak egiteko aplikaziorik onenak? Hainbat aplikazio proposatuko dizkizugu, horietako asko Google-ek azkeneko urteotako aplikaziorik onenen artean aukeratu dituenak:

7 minutuko entrenamendua (Android / iOS). HICT delakoan (intentsitate handiko zirkuituko entrenamendua) oinarrituta dago. Sasoi fisiko muskularra eta aerobikoa hobetzera bideratuta dago, 30 segundotan egin beharreko 12 ariketaren bitartez (ariketa batetik bestera 10 segundoko atsedena hartuta). Metodoa? Azalpen-bideo errazak.

30 eguneko kirol-erronka. Etxeko entrenamendua (Android / iOS). Ariketen intentsitatea areagotu egiten da urratsez urrats, eta hainbat erronka dituzu aukeran, hala nola “abdominalak 30 egunetan”, “gorputz osoa 30 egunetan” eta “muturreko erronka 30 egunetan”. Ausartzen al zara hilabete bakarrean hobekuntzak nabaritzera?

Stravaren GPS (Android / iOS). Erabiltzaileek ondoen baloratzen dutenetako bat da, eta perfektua da korrika egitea edo bizikletaz ibiltzea gustatzen bazaizu. Aplikazio horren bitartez, zure jarduera erregistratu, jarraipena egin eta aztertu egin ahal izango duzu, mapa interaktibo baten bitartez, zenbat kaloria erre duzun jakin, zure buruari erronka bat ezarri eta, jakina, komunitatearekin konektatu ahal izango zara, argazkiak eta istorioak partekatzeko.

Endomondo (Android / iOS). Hau ere ezagunenetako bat da, eta GPS bidez zure entrenamenduak jarraitzeko balioko dizu, korrika egiten duzun, bizikletaz zabiltzan edo 40 kirol ezberdin baino gehiago egiten duzun bitartean. Zure bihotz-frekuentzia kontrolatzen du, zure errendimendua aztertzen du, eta erronkatan parte hartzeko eta sare sozialetan partekatzeko aukera ematen dizu.

8fit (Android / iOS). Zure aliatu perfektua izango da, fitnessa eta nutrizioa konbinatu nahi badituzu; izan ere, entrenatzaile pertsonal gisa funtzionatzen du zure mugikorrean. Entrenamendu-errutina azkarrak proposatuko dizkizu, janari-plan osasungarri batekin batera, 400 errezeta eta 350 ariketa baino gehiagoko zerrenda baitu.

Runtastic (Android / iOS). Gustatu al zaizu entrenatzaile pertsonalaren ideia? Bada, oso ondo, horixe baita aplikazio honen ideia ere. Zure running eta fitnesseko kirol-jarduerak erregistratu ahal izango dituzu, ahots bidezko entrenatzaile bat izango duzu, nola egiten ari zaren esango dizuna, zenbait trikimailu ezagutuko dituzu –hala nola noiz aldatu behar dituzun zure kiro—oinekoak–, eta zuzenean jaso ahal izango dituzu zure lagunen babes-mezuak. Eutsi goiari!

Nike Training Club (Android / iOS). Kirol-marka ezagun honen aldeko aukera egitea nahiago baduzu, doaneko 160 entrenamendu baino gehiago dituen aplikazio honen bitartez egin dezakezu; indar-entrenamenduak, erresistentziakoak, mugikortasunekoak eta yoga-ariketak aurkituko dituzu, Master Trainer-en eskutik. Eta lasterketa baterako prestatzen ari bazara, Nike+Run Club aplikazioa erabil dezakezu.

Pocket Yoga (Android / iOS). Zure yoga-maisua eguneko 24 orduetan zure esanetara izatea eta estres uneetan berarengana jotzea? Orain posible da, aplikazio honi esker; irakasle adituek diseinatutako 27 eskola jasotzen ditu aplikazio honek.

Aurki ditzakezun aplikazioen adibide batzuk besterik ez dira hemen aurkeztu dizkizugun hauek, oso interesgarriak diren beste batzuk ere gomenda baitiezazukegu; hala nola Workouts! (Android / iOS), Fitbit (Android / iOS), JEFIT (Android / iOS) edo Urrats-kontagailu bat (Android), poliki-poliki hasi nahi baduzu. Prest al zaude?