Alhaduraren hilabetea da urtarrila: Gabonetako eta Urte Berriko afari eta bazkarien ondoren, pisatu zara, eta nahi ez zenituen gonbidatuak etorri zaizkizula konturatu zara, ezta? Zure aurrean jarri dizkizuten jaki goxo horiek jateko gogoari eutsi ezin izan badiozu (eta ez badituzu kontuan izan Gabonetan gure figurari eusteko eman genizkizun aholkuak), behin betiko irtenbidea dugu: ken itzazu soberan dituzun kilo horiek fitness boxingarekin!

Ez zaitez larritu, ez dizugu eskatzen Rocky bihur zaitezen, ezta aurkariren batekin ukabilka hasteko ringera igotzea ere. Kirol horren mugimendu klasikoak errepikatzea besterik ez da fitness boxinga: zuzeneko kolpeak, kako-kolpeak, oin-jokoak, keinuak, defentsa, zakua kolpatzea, etab. Hau da, kirol horrek gantzak erretzeko eta giharrak suspertzeko dituen aukera guztiak aprobetxatzea…inorekin kolpeka aritu beharrik gabe, jakina J.

Bazter ezazu kirol hori kankailuentzako bakarrik den ideia.  Ez duzu Ali edo Tyson izan beharrik! Hain zuzen ere, gizonen eta emakumeen artean maila berean hedatu da, bakoitzak dituen ezaugarri fisikoak gorabehera. Saiatua izatea (beste edozein kiroletan bezala) eta entrenatzea (ahal izanez gero, espezializatutako entrenatzaile baten aginduetara), besterik ez da behar, nork bere gaitasunak kontuan izanda.

Izerditzera!

Kontuan izan behar den lehen gauza da indarra baino alderdi kardiobaskularra eta erresistentzia landuko dituzula batez ere fitness boxingarekin, nahiz eta biak konbina ditzakezun, muskulu-masa ere irabazi nahi baduzu.

Bi alderditan oinarritzen da entrenamendua: beroketa-ariketak eta entrenamendua/boxeoa; horrez gain, luzaketa-ariketak egin behar dira amaierako minututan, beti bezala. Ohikoena da astean hiru egunetan 30 minutuko saioekin hastea eta, gorputzaren erantzunaren arabera, saioak ordubetera luzatzea.

Has zaitez 10-15 minutuz intentsitate handiko ariketa-sorta (HIIT) egiten: soka-saltoa, abdominalak, sentadillak, flexioak, korrika, etab. Kaloria asko erretzen da saio horretan (ordu bakoitzeko 800 kilokaloria baino gehiago). Zure sasoi fisikoaren arabera, luzatu egin dezakezu ariketa horien iraupena.

Ondoren, boxeo-entrenamendua bera dator. Boxeo-errutina, -mugimendu eta -teknika asko dago, besteak beste, itzaleko boxeoa edo shadow boxing; funtsean, ‘airean kolpatzea’ da, kolpeak, lekualdaketak, guardiak eta abar konbinatuz. Zakua kolpatzea da beste aukera bat; norbere gorputzaren pisua ere erabiltzen da kolpeak emateko.

Beste aukera interesgarri eta dibertigarri bat Boxing Dance delakoa da; dantza, fitnessa eta boxeo-ariketak konbinatzen dira. Jolas eginez ere jar zaitezke sasoian!