Kirolarien etsaiak dira muskulu-karranpak, eta denek izan dituzte noizbait. Muskuluak nahi gabeko espasmo edo uzkurdura jarraitua duenean sortzen den min-sentsazio horretaz ari gara; esfortzu fisiko luze baten ondorioz sortzen da, eta eragina dute elektrolitoen edo gatz mineralen galerak, akidurak eta beroak ere.

Ziur aski, entzungo zenituen noizbait karranpen aurkako erremedioen eta jakien inguruko kontuak, baina, entzun al duzu inoiz gatzuna edo ozpinetakoen likidoa izan daitekeela karranparik ez izateko erremediorik onena? Hain zuzen ere, uste da likido horren 75 ml-k edari isotoniko batek baino hamar aldiz elektrolito gehiago duela.

Muskuluak berroneratzeko erremedio bikaina

Azterlanek elementu horri buruz aipatzen dituzten gakoen artean, ariketa fisikoarekin galdutako sodio- eta potasio-mailak –muskuluek behar bezala funtzionatzeko bulkada elektrikoak transmititzearen arduradunak– berreskuratzeko duen gaitasun handia dago eta, batez ere, eragin azkarrekoa dela.

Zentzu horretan, Medicine & Science in Sports & Exercise aldizkarian argitaratutako azterlan batek dio likidoa edan eta 35 segundotara desager daitezkeela karranpak. Beste aditu batzuek diote neurotransmisoreetan –zelulen artean nerbio-bulkadak transmititzen dituzten molekulak– eragiteko eta espasmoa ‘blokeatzeko’ ahalmena duela likido horrek. Hau da, ozpinaren azido azetikoak karranparen seinale elektrikoa inhibitzen duten hartzaileak estimulatzen ditu eta, horrela, gutxiago irauten du karranpak.

Kaloria gutxiago, mantenugai gehiago (baina ez gehiegi)

Ozpinetakoak jatea da likido hori kontsumitzeko modu on bat: ozpinetako luzokerrak, tipulinak, barazkiak… Kaloria gutxiko jakiak izateaz gain, mantenugai eta probiotiko kopuru handia dute: sodioa, potasioa, magnesioa, zinka eta C, K eta E bitaminak, besteak beste.

Hori bai, snack osasungarri modura erabil daitezkeen arren, ez da komeni abusatzea ere, gatz kopuru handia baitute. Gogoratu: ez da egunean 5 gramo gatz baino gehiago kontsumitu behar, Osasunaren Mundu Erakundearen eta AESANen gomendioen arabera.

Nolanahi ere, elikadura egokia, modu erregularrean ariketa fisikoa egitea eta atseden hartzea dira lesioak eta karranpak saihesteko tresna nagusiak.