Lerak, elur-erraketak, zaldiz ibiltzea, mendi-bizikletaz ibiltzea, bainu termalak eta terapeutikoak hartzea edo, besterik gabe, elur-pilota ‘borroka’ dibertigarri batez gozatzea…  Eskiatzea eta snowbord  egitea ez den bestelako plan asko dago, mendiko nagusia sentitzeko!

Gure mendietara eta eski-estazioetara lehenengo elur-malutak iristen direnean, betiko kontua errepikatzen da: Zergatik ez gara joaten asteburua elurretan igarotzera? Galdera horixe egiten digute gure lagunek, eta gu edozein aitzakia bilatzen saiatzen gara, ikasteko horren zailak iruditzen zaizkigun eskia edo snowboarda egitera ez joateagatik. Bada garaia osasunerako horren onuragarria den kirol horretan saia zaitezen; ez da horren zaila, baldin eta hasiberrientzako oinarrizko aholku hauek jarraitzen badituzu eta, batez, irmotasunez ekiten badiozu.

Baina oraindik oso argi ez baduzu, ez zaitez kezkatu; izan ere, badaude elurretan egun dibertigarri eta osasuntsu batez gozatzeko beste plan asko ere. Hauexek dira eskia edo snowboarda egin behar izan gabe, elurraz gozatzeko egin ditzakezun sei jarduera:

Iraupen-eskia

Lasai! Badakigu zer pentsatzen ari zaren, baina diziplina horretan, pixka bat eskiatu behar den arren, kontua da, funtsean, eskiz irristatzea, eta oso erraza da. Eskandinaviar herrialdeetan sortu zen, elurraren gainean ibiltzea zaila izanik, batetik bestera mugitzeko ohiko modu gisa, eta ariketa kardiobaskular bikaina da; gainera, kirol hori egiten den paisaiekin konbinatuta –jende gutxi ibiltzen den basoak eta bideak– mendiarekin eta elurrarekin bat egiteko aukera ezin hobea eskaintzen du.

Jantz itzazu erraketak (eta ez dira tenisekoak)

Kirol horretarako, ez duzu eskiak jantzi beharrik izango… baina bai elur-erraketa batzuk. Eski-estazio askok eskaintzen dute snowshoeing-eko ibilbideak egiteko aukera, baina norbere kontura ere egin daitezke. Kasu horretan, bidezidor ezagun eta seinaleztatuetatik ez irtetea komeni da, eta elurretan ezinbestekoak diren segurtasun-neurriak hartzea. Natura-gune ikusgarriak ezagutzeko aukera ematen digun kirola da, estazioetan ohikoa den zalapartatik urrun eta, gainera, geure baldintza fisikoei egokitutako zailtasun-mailara muga gaitezke.

Lerak: ez dira txikienentzako bakarrik

Elurretan leraz jaistea da, ziur aski, gogora dezakegun haurtzaroko jarduera dibertigarrienetako bat. Gure haur ikuspegitik benetako mendia den aldapatxo hori igotzen ari garen bitartean sentitzen dugun emozioak eta abiadura bizian jaisteak sorrarazten digun euforiak ez dute preziorik. Birbizi itzazu une gogoangarri haiek… eta seme-alabak baldin badituzu, are eta hobeto! Elurrak alderdi ludiko eta pedagogiko garrantzitsua du haurrentzako: elur-pilota borroka bat edo elurrezko panpina bat egitea esperientzia zirraragarri eta ahaztezinak dira haientzako.

Flotagailuak… elurretan?

Flotagailu gainean irristatzea da elurretan egin dezakegun beste jarduera orijinal bat. Formigaleko estazioak, esaterako, aukera hori eskaintzen du, tubbing izenarekin: horretarako propio diseinatutako ‘Donut’ erraldoi baten gainean peralte eta desnibel ezberdinetako pista batetik jaistea. Dibertigarria dirudi, ezta?

Bi gurpilen gainean

Kirolari aktiboa bazara eta mendi-bizikletaz ibili ohi bazara, beharbada ausartuko zara beste urrats bat eman eta izoztutako gainazalaren gainean jarduera hau probatzera. Ez da erraza mendi-bizikletaz elurretan ibiltzea, ahalegin askoz handiagoa egin behar baita elurretan higitzeko. Gauza bera gertatzen da mendi-hegalean behera jaisterakoan ere: asko kontrolatu behar da oreka. Eta kontuz materialarekin ere: ezinbestekoa da berariazko gurpilak erabiltzea.

Lasaitasun pixka bat

Neguko konplexu turistikoek gero eta gehiago hartzen dituzte kontuan eskia oso gustuko ez duten pertsonak, eta apres-ski delakoaren barruan (hitzez hitz, “eskiatu ondoren” esan nahi du) jarduera-eskaintza zabala eskaintzen ahalegintzen dira. Askotariko jarduera sozialak eta entretenimenduko jarduerak sartzen dira hor: bainu termalak eta edertasun-tratamenduak, tokian tokiko eskaintza gastronomikoa eta jatetxeakgaua iglu batean igarotzeko aukera ere badago-eta! Plan osasungarri bat bilatu eta probatzera ausartu besterik ez duzu egin behar.