Guraso baldin bazara eta korrika egitea gustatzen bazaizu, ez egin zalantzarik, eta igaro ezazu denbora gehiago zure seme-alabekin, kirol osasungarri hau egiten: korrika egiteko zaletasuna har dezaten eredurik onena zarete!

 

Aurreko postean zure seme-alabekin korrika egiten hasteko aholku batzuk eman genizkizuen; haurrek txikitatik dute barneratuta korrika egiteko joera, eta onura ugari ditu osasun fisiko eta mentalerako, baldin eta neurriz egiten bada.

Bada, orain, korrika egitea familia guztiarentzako jarduera atsegingarria izan dadin jarraibide batzuk errepasatuko ditugu. Beste batzuekin korrika egiten dugunean –eta, batez ere, haurrekin egiten dugunean– kontuan izan behar dugun lehenengo gauza intentsitatea da. Egoki ezazu gainontzekoen maila fisikora!

Izan ere, kirolarekiko errefusa gurasoen edo entrenatzaileen gehiegizko exijentziaren ondorio izan daiteke askotan. Gure haurrei guri gustatzen zaigun kirol bera gustatu nahi izatea eta, are, gure haurrak kirolean arrakasta izatera heldu nahi izatea kalterako ere izan daiteke (gauza bera gerta daiteke beste edozein zaletasunetan, bai eta arlo akademikoan ere).

Horregatik, FEMD federazioak kirol bat bertan behera uztea saihesteko ematen dituen gomendioetako bat da ez bultzatzea espezializazio goiztiarra eta, batez ere, ez dadila kirol intentsibo bat izan.

Egokiena da kirol-jarduera ezberdina probatzea, beraiei ondoen datorkiena aurkitzea bermatzeko. Ildo horretan, Osasunaren Mundu Erakundeak egunean gutxienez 60 minutuz egitea ariketa aerobiko egitea gomendatzen du, 5 eta 17 urte bitarteko haurrentzat, eta hobe diziplina ezberdinak tartekatzen badituzte.

Adinak markatzen du erritmoa

Baina korrika egiten eroso sentitzen badira –eta gogoratu zuen seme-alaben eredu zaretela, eta korrika egiten ikusten bazaituzte, oso litekeena da kirol horrekiko interesa sentitzea–, adinaren arabera, errutina progresiboak sar genitzake, hiru fasetan banatuta:

  • 5 urtetik 10 urtera: dibertsioaren printzipioa gailendu behar da, eta korrika egitea eguneroko jolasetan sartzen saiatu behar dugu, helbururik edo markarik ezarri gabe. Kontua da: “dibertigarria ez bada, ez nau erakartzen”.
  • 10 urtetik 16 urtera: adituak bat datoz, eta faserik oldarkorrena dela diote. Muga fisikorik jarri gabe korrika egiten dute neska-mutikoek –ez dakite indarrak neurtzen–; horregatik, gure alderdirik didaktikoena landu behar dugu, lasterketako teknika batzuk sartzen joateko.
  • 16 urtetik aurrera: oso azkar aurreratzen dute. Helburuak planteatzeko unea da –lehiaketa edo herri-lasterketaren bat– eta ibilbide luzeagoak –5 km ingurukoak– egiten hasteko garaia, nerabearen entrenamenduaren eta baldintza fisikoen arabera.

Zure semea edo alaba zure ondoan korrika joateko gakoak  

Lehendabiziko fasean, ezin dugu esfortzu handirik egitera behartu. Esan dugun bezala, dibertitzea eta esperimentatzea da garrantzitsuena fase horretan. Jo iezaiozu larunbat eta igandetan okindegirako joan-etorria korrika egiteko erronka eta, ondoren, goza ezazue gosari osasungarri batez: ogi xigortu integralak eta fruta, esaterako. Era horretan, familiarteko jatordu hori eta korrika egitera irtetea lotuko ditu.

Harrapaketan ere jolas dezakezue parkean, edo toki batetik bestera lasterketa txikiak egin, desafio modura: “Baietz zu baino lehenago iritsi banku horren parera… bat, bi eta hiru!”. Gainera, lasterketaren bat ikustera eramaten baduzu, korrika egitearekiko jakin-mina pizten lagunduko diozu, eta lasterketaren nondik norakoak eta zergatik korrika egiten duten azal diezaiokezu.

Hurrengo adin-tartea guztiz funtsezkoa da bere ikaskuntzarako eta korrika egiteko zaletasuna barnera dezan. Etapa horretan, modu erregularrean korrika egin dezakete dagoeneko, baina iraupen laburreko lasterketak izan behar dira, haur eta nerabeengan lehenago agertzen baita neke-sentsazioa (30-45 minutu, orduko 7-9 km-ko abiadura gainditu gabe).

Jarduera ondo planifikatzea ere oso garrantzitsua da, gehiegikeriarik ez egiteko, gutxiegitasun-sentsaziorik ez izateko eta, ondorioz, kirol horri erakargarritasunik ez ikustea saihesteko. Antola itzazu beraiekin irteera laburrak parkera edo pasealekuren batera. Irteera bakoitzeko ‘helmugapixka bat areagotzen baduzu, pizgarria izango da hurrengorako.

Halaber, garrantzitsua da beren burua hidratatzen eta dieta osasungarria izaten ikas dezaten: kirola egiten dutenean, egarririk ez izanda ere, eta batez ere bero egiten duenean, ura modu erregularrean edan eta produktu osasungarriekin elikatu behar direla jakin behar dute, urrunago iristeko indarra hartzeko.

Azkenik, guraso orok kontuan izan beharreko funtsezko kontua da beren seme-alabek korrika egiteko zaletasuna gal dezaketela, nahiz eta une horretara arte beren jarduerarik gustukoenetakoa izan. Edozein etapatan gerta daiteke eta ez dago arrazoi jakin bat; besterik gabe, interesa gal dezakete edo beste kirol batek gehiago erakar ditzake. Egokiena da beraien erabakia errespetatzea; aurrerago berriro has daitezke korrika egiten.