Hainbat egunez frutak eta barazkiak kontserbatzea ez da beti lan erraza izaten. Hala ere, badaude kontserbaziorako trikimailu batzuk, elikagai horien bizitza luzatzen laguntzen dutenak. Oso garrantzitsua da fruta eta barazki bakoitzaren berezitasunak ezagutzea, uste baino lehenago honda ez daitezen.Poltsikoak eskertuko dizu, eta ahoak ere bai, jakina.

Ez nahastu

Askotariko frutaz betetako fruta-ontzia oso erakargarria da, baina, kontuz! Izan ere, ez da elkarren ondoan jartzerik komeni. Sagarrek, esaterako, etileno gasa sortzen dute, eta horrek azkartu egin dezake beste fruta eta barazki batzuen heltze prozesua, eta hondatu ere, azkarrago honda daitezke.

Gainerako elikagaietatik urrun edukitzea komeni den beste produktu bat patata da, inguruko produktuen hezetasuna xurgatzen du eta.

Eta letxuga, berriz, hobe edozein frutatik urrun mantentzea, izan ere, hondatu egin dezakete.

Hozkailu barruan eta kanpoan

Ez dute elikagai guztiek hozkailuko hoztasuna behar. Bitxia dirudien arren, tenperatura baxuek hondatu egiten dituzte fruta eta barazki batzuk. Horixe da baratxuriaren kasua; ondo kontserbatzen da leku fresko eta ilunetan, asteak iraun ditzake horrela. Tipulek ere ez dute hozkailu beharrik, baldin eta dagoeneko moztutaez badaude. Tipula bat zatitzen badugu, soberan geratu zaigun zatia film gardenean bildu eta hotzetan gorde behar dugu.

Tomateak ere ez dira hotzaren oso lagun; hobeto mantentzen dute zaporea giro-tenperaturan. Hozkailuan sartzen baditugu, mantsotu egingo diegu heltze prozesua eta, ondorioz, bigundu egingo dira eta zaporea galduko dute.

Patatak eta batatak ez dira sekula hozkailuan sartu behar. Lur azpian hazten diren tuberkuluak dira, eta bildu ondoren ere, bizidun organismoak izaten jarraitzen dute; horregatik, leku lehor eta ilunetan gorde behar dira.

Zitrikoak ere egoera onean iraun dezakete hozkailutik kanpo. Laranjak, mandarinak, pomeloak, limoiak… hezeagoak egongo dira giro-tenperaturan.

Garbitu edo ez

Gomendagarria da, kontsumitu aurretik, frutak eta barazkiak garbitzea, baina berehala kontsumitzeko asmorik ez badugu, hobe da erosi dugun bezala gordetzea; izan ere, garbitzerakoan, azkartu egiten dugu deskonposatze-prozesua.

Lur pixka bat baldin badaukate, zapi lehor batekin kendu edo astindu egin ditzakegu, baina hobe da uretan ez pasatzea komeni baino lehen.

Bota baino, izoztu

Barazki eta fruta kopuru handia baldin badugu, zuhurrak izaten saiatu behar dugu, eta izoztu egin behar ditugu hondatu baino lehen. Izozkailua ez da haragia eta arraina gordetzeko soilik, zatitutako frutak eta barazkiak ere izoztu ditzakegu. Gure esku dago beti elikagaiak ez alperrik galtzea.